Ane Muñoz.
Maratila

Porrapustuak

2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Joan den igandean aitzakia galanta izan genuen euskaldunok belaunaldiz belaunaldi jaso eta oraindik ere hain gurea dugun apustuekiko zaletasuna gogotik adierazteko. Hain zuzen, bizitzan behingo gertakari harrigarri bakan bat zela eta, aukera paregabea izan genuen arreta frontoietatik, plazetatik nahiz tabernetako apustuen aparatutzar horietatik behingoz desbideratzeko. Esan, nor ez zen izan estratosferatik jauzi arriskutsu hura egingo zuela iragarri zuen Baumgartnerren patuaren lekuko? Hura ere joko polita, goxoki bat, ezta, Felix heroia jauzi luze eta arriskutsu horretatik bizirik irtengo al zen lagunekin, elkartekoekin, etxekoekin edo norberak bere buruarekin apustu egitea. Eta zenbat minutu beharko zituen 39.000 metroak atzean utzi eta lurra zapaltzeko, errekorra gaindituko zuen ala ez…

Datorren igandean, berriz, estratosferatik urrun, hementxe, lurrean, apustutarako beste aukera paregabe bat izango dute zale amorratuek. Hauteskundeak direla eta, tira, honezkero bati baino gehiagori entzun diot inkesten aurreikuspenak aintzat hartu gabe porra bat antolatu duela, edota lagun bati apustu egin diola nork irabaziko, zenbateko aldea egongo den batzuen eta besteen artean, zenbatek bozkatuko dugun… Politikaz sekula santa kezkatu ez den horrek ere jarraituko ditu gertutik. Nola galdu alderdi baten nahiz bestearen zuzeneko garaipena, horko horien alde egin badu? Bestalde, nik hari «100 euro ezetz», ez duela minutu batez beraz ere hausnartuko emaitzen ondorioek hiritarrongan izango duten eraginaz, ezta, ai ene, hain itxaropentsu naukaten emaitzon garrantziaz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.