Irudi zaharrak dira eskultura edo pintura horiek: hala Faraoien denboran hala Asiriako inperioen garaietan, ikusten dira gizon, emakume, haurrak, eskuak kateek loturik, lerrokada luzeetan beren menperatzaileen gurdiei estekatuak, haien herri edo kartzeletara joaten. Ez dira hainbat aldatu egoerak, mundu zabala presondegiez betea da: milioi bat lagun Estatu Batuetakoetan, hirurogeimila pasa Frantzian, beti gehiago, beti ziurtasun neurri gehiago, hotzago, jendetasunik eza, beren buruaz beste egiteko aukera zabalarekin.
Erakutsia izan zen nola euskal presoek beren mundua eraikitzen zuten, lantzen, babesten, beren nortasuna zainduz, partaide izanez euskal munduko gora beherekin. Aipatu zen ere zinezko «euskal unibertsitate» bat eraikitzen ari zirela, hainbeste indar gazte eta gogoeta aberatsek bidezkoa zutela hori. Gogoan ditugu 70eko hamarkadako argazkiak, euskal preso saldoak kartzeletako patioetan Egin-en argitaratuak, emakumeak Yeseriasen, besteak Carabanchel, Soria eta hainbeste tokietan. Sakabanatze eta itotze lege gogorrek ez dute horrelakorik uzten gaur. Etsaiaren ezabatzea, eliminatzea, horra betidanikako lege gorrotatzailea aldatu ez dena eta mintzen gaituena.
Presoek munduaren aurpegi ilunena azaltzen dute, humanitate zangopilatuarena. Hemen garela eta ez ditugula ahazten, horra giltzapetuen bizi iraupenerako baldintzak. Bilbon errepikatuko dira duela hogeitabost urte ziren manifestaldi erraldoiak, etxean behar baitugu lehenbailehen, eta nolaz ez, etxekoak ditugu eta!
Maratila
Presoekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu