Kalean, etxean, lanean, eskolan, edonon hizpide izango dira gaur Donostian eta Azpeitian bart ospatu ziren danborraden gorabeherak. Bezperak gaurkoak baino garrantzi handiagoa baitu askorentzat. Bestalde, jaia ez da amaitu, eta txikiak kalean dabiltza, poz-pozik, dinba-danba, trapatatan, porron-porron porropopopon, helduon buruko mina areagotuz, oi ostiral madarikatu honetan. Hedabideek mila irudi erakusten diguten bitartean, angula kiloa 800 eurotan saldu zela errepikatuko dute, euriak ez zuela jai giroa oztopatu eta partaidetza nabarmena izan dela.
Nik, berriz, egun honetan beste ospakizunik baden munduan jakin nahi izan dut, eta efemerideetan begira jarri naizenean, ai ama, hau aurkikuntza: 1967an, gaur bezalako egun batean, Pepon Nieto aktorea jaio omen zen. Uau, hori datu esanguratsua, XX. mende amaierako historia unibertsala ulertzeko nahitaezkoa, eta nik deus jakin gabe!
Txoratu al gara? Garrantzitsua izan liteke zinemaren munduko artxibategietan, aktoreen bildumetan, eta bere nortasun agirian. Baina 50 bat gertakari besterik nabarmentzen ez dituen zerrenda batean Pepon Nietoren jaiotza nabarmentzea… mundu mailaz ari naizela, jope.
Irakurri dut, gaur bezalako egun batean, 80 lagun hil zirela Londreseko arma-ola baten leherketan; Mortadelo eta Filemonen lehen abentura argitaratu zela; Obama lehen lehendakari afroamerikarra Etxe Zurian sartu zela; Audrey Hepburn izarra betirako itzali zela, eta udan istripuz zendu zen Simoncelli piloto gazteak 25 urte beteko zituela gaur.
Bada, niretzat gaurkoak San Sebastian eguna izaten jarraituko du, danborradaren biharamuna.
Maratila
San Sebastian egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu