Zientzia? Historia? Mitologia? Saturnismoaz arituko gara gaur. Eta saturnismo hitzak sortzen digun oihartzunak Saturnalia eta Saturno planetara garamatza.
Baina saturnismoa gaixotasun latza da, benetan larria. Berunaren intoxikazioak sortzen duen gaixotasuna. Anemia, buruko minak, digestio arazoak, oldarkortasuna eta buru hondatzea dira bere sintomak.
Eta izen hori zergatik? Bi teoria daude: bata, saturnaliatik datorrela esaten duena, eta bestea, antzinako zientzialariek berunari saturno deitzen omen ziotela, eta hortik izena.
Erromatarren garaian oso hedatua zegoen gaixotasun hori.
Beruna asko erabiltzen zen Antzinako Erroman, oso malgua zelako eta janariei eta edariei ez zietelako ez kolorerik ezta zaporerik ere ematen eta ur-hodiak, ontziak, murkoak eta egiteko erabiltzen zen. Besteak beste, ardoa gordetzeko ontziak egiteko.
Erromako aristokraziak ardo ugari edaten zuen. Esaten dute klase altuek eguneko 250mg berun irensten zutela, eta Osasunerako Mundu Erakundeak dio eguneko 40 mg-tik gora oso arriskutsua dela. Zenbait adituren esanetan, Caligula eta Neronen oldarkortasuna eta eszentrizitateak saturnismoaren eraginez gertatzen dira, ez baita ahaztu behar horiek ardoarenganako zuten zaletasun neurrigabea.
Eta ez da ahaztu behar, bestetik, garai hartako aholkuen arabera muztioak ardo bihurtzeko berunezko ontzietan hartzitu behar zirela, ardoari izaera oso atsegina ematen omen ziolako, alde batetik, eta gozotasun puntu bat, bestetik. Eta bazuten beste ohitura bat ere, ardoa berunezko ontzietan irakitekoa, alegia, azukre kontzentratu batzuk lortzeko, gero beste ardo batzuei gehitzeko edota zuzenean hartzeko. Irakitasun graduaren arabera, sapa, defrutum, heprena edo siracum deitzen ziren.
Gaur egungo zientzialariak sapa egiteko errezeta burutu dutenean konturatu dira bere toxizitatea hain handia dela ezen koilarakadatxo bat nahikoa litzatekeen berunezko intoxikazio kroniko bat sortzeko.
Askotxo esatea izango da, Jerome Nriaguk zientzialari kanadiarrak esan zuen moduan, Erromatar Inperioaren erorketa saturnismoaren ondorioa izan zela — janaria eta ura, baina batez ere ardoaren intoxikazioa zela medio—. Ez naiz ni horren ausarta, baina bere eragina izango zuen, seguru. Eta orduko zenbait jendilajeren joerak eta portaerak zertxobait ulertzeko ere bai.
Saturnalia eta parrandazaleok, beraz, gure horretan jarraitzeko arriskurik ez dugu, baina argi ibili behar da saturnismoarekin.
Eta nire saturnismo hasiberri honen kalteak areagotu aurretik: urte berri on guztioi, eta eskerrik asko, Josune!
Elikadura. Ardoxka
Saturnismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu