Sinboloak inportanteak dira: herri baten izaera aditzera ematen dute, eta gure errespetua merezi dute. Nik, konparaziorako, barne-barnean daramat gure bandera. Izan ere, Donibane Lohizuneko Le Comptoir du Pays Basque dendan galtzontzilo ikurrindunak erosi nituenetik, ezin toki intimoagoan eramaten ditut gure koloreak. Ikur nazionalak, halere, aldatuz joaten dira denbora pasa ahala, eta ez da beti erraza asmatzea zein den unean uneko herri baten sinbolo gorena.
Errate baterako, sakon hausnartu arren, berriki arte ez dut jakin zein izan litekeen Espainiaren ikur nagusi hori. Kontua da aipatu galtzazpiak L neurrikoak hartu nituela (nirea XL izaki), eta horrek pentsamenduaren organoetan eragiten zidan herstura etnozentrikoak ez zidan argi pentsatzera uzten. Francoren garaiko leloak bertzerik ez zitzaidan burura etortzen. Joan den egunean, hondarrekoz, ezantza botatzen ari nintzela ezkerreko barrabilak oihal estuegi hura tarratatu eta, odola berriz libre ibiltzearekin, argia ikusi nuen.
Espainia ez da politikariek edo hedabideek erraten dutena, erregimen berrian egia ez baita betebehar etikoa, nork erabiltzea edo ez erabiltzea erabakiko duen tresna erretorikoa baizik. Espainia ez da jendea mugiarazten duen indarra, jende multzoak (poliziarenak izan ezik) neoliberalismoaren muturreko indibidualismoaren kontrako delitu bihurtzen ari baitira.
Ez. Gure garai ez-laiko honetan, gure agintariak anarteraino hunkitzen duen erlijio berriaren sinboloak laburbiltzen du hobekien zer den Espainia.
Espainia Repsol da.
Maratila
Sinboloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu