Joanes Etxebarria.
Baiona bestak. Analisia

Sinbolotik sinbolora

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskaltzale lapurtarrei galdetuz gero, ez da dudarik, Baionako bestetan euskarak ez du merezi lukeen lekua. Leku sinbolikoa ere lortzekoa du leku eta momentu garrantzitsu batzuetan. Herriko etxeko balkoia, goratasunez ere, lekurik sinbolikoena da, besta ofizialaren abiapuntu eta zentroa baita. Baina bertso baten plaza baizik ez da.

Asteazken gauean, BECeko finalean baino jende gehiago bazituen parean Maddi Sarasuak bertsoa botatzeko tenorean. Sinbolikoa da, bai, baina sinboloak badu bere garrantzia. Lopategi edo Egañak ere kantatu zuten leku berean. Sinboloak batzuetan, espero dezagun, lehen urratsak dira barnatzen hasi aitzin.

Baina beste batzuetan, euskarari sinbolo txikiena ere ukatzen zaio. Haurrek Leon erregea iratzartzeko hamar zenbaki oihukatu behar dituzte, zerora iritsi arte. Hori euskaraz ere egiteko, Bai Euskarari-ren eskaerari erantzunez, beranduegi omen zen bi hilabete aitzin galdetzea herriko etxearen arabera. Otsailean finkatzen dituzte bestetako detaile guztiak, eta heldu den otsailean erabakiko litzateke 2013an euskaraz ere kontatzea.

Batzuetan, alta, euskararen presentzia sinbolikoak bakea ematen dio urrunago joan nahi ez duenari. Haurren Egunean zen beste adibidea: Poterne parkean, haurren gunean, mikrofonotik egiten ziren adierazpen guztiak elebidunak omen ziren. Hori entzun eta lasai gelditu. Entzun bozgorailuak eta «milesker» eta «txalo» euskaraz. Sinbolikoa, gehiengo erdaldunaren belarria sobera inarrositu gabe. Beste guztia frantses hutsean.

Herriko etxeko balkoitik lehen aldiz bertso bat kantatu zen urtean, 1990ean, Herria kazetan hala idatzi zuen Daniel Landart ekinaldiaren sustatzaileak: «Agian, Jon Lopategiren Baionako besta hastapeneko bertsoak ukanen du ondorio onik, bai euskaldunen gogo-bihotzetan, bai eta ere lehen aldiz bertsolari bat entzunen dutenen baitan!». 22 urte baranduago, oraino ere, esperantza berberak dituzte anitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.