Zinemaldiaren kontura hamaika film ikusten ari gara egunotan. Fikziozko istorio pila, dokumentalak, berezkoak eta faltsuak… eta bitartean, hain zuzen fikziook inspiratzen dituen benetako bizitza hortxe dago, parez pare, bereak egiten. Dagoeneko burua hainbeste istoriorekin nahasia dudanez, ez da harritzekoa egunkarian irakurritako ondoko berria, ustekabean, sinopsitzat hartzea: «Emakume batek ume jaioberri bat lapurtu du Donostiako ospitalean. Umetxoa berea bailitzan harturik, taxian sartu eta etxerako bidea hartu dute. Zorionez —zoritxarrez emakumearentzat— taxi gidariak sms bitartez bahiketaren berri jakin du, eta berehala harrapatu dute». Ein? Nola daiteke guraso berriak lo zeudela ezezagun bat ospitalean sartu eta haien ume jaioberria inolako oztoporik gabe eramatea?
Fikziozko film baten sinopsia dirudi, happy end biribil eta guzti. Pertsonaiei aurpegiak ipini ondoren, lehenik eta behin jaioberriarengan pentsatu dut: zenbatetan entzun beharko duen txikitako anekdota bitxia. Heziketa ere baldintzatuko dio, akaso. Gurasoen papera ere ez da nolanahikoa: esnatu eta euren ume desiratua desagertu dela entzun beharra, ene! Txikia berreskuratu arteko minutu luzeak ez dituzte erraz ahaztuko, ez. Ikuspuntu sinopsizatuarekin jarraituz, lapurretaren eragilea datorkit. Amatasun beharra muturreraino eramateko gai izan den emakume hori ez omen dago burutik sano, eta eskerrak azkarra ere ez denik, taxia hartu ordez bere gisa ihes egin eta umea betirako eramango lukeelako bestela. Azkenik, ustekabean gaizkilea harrapatu eta biktima gurasoei itzultzeko ezinbestekoa izan den taxi gidaria filmeko heroia litzateke, jakina, hau sinopsia balitz.
Maratila
Sinopsizatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu