Pentsatzen dut homo turisticus-aren jaiotza eta ugaltzearekin batera ugaritu direla turismo saioak telebistan. Egia da memoria iristen zaidan leku urrunenean ere aurkitzen ditudala bidaia programak, paraje hau eta bestea erakusten dituzten saioak. Bada, ordea, fenomeno berrixeago bat, ausartuko nintzateke esatera Cuatro katearen eskutik etorri zena, eta Callejeros formula gisa bataia dezakeguna: bidaiari-kazetari anonimo bat, kamera eskuan munduko bazterrak kurritzen, munduko bazter horietako zerarik horienak, lohienak, afrusenak erretratatzeko asmoarekin —teleikusle burmuin esekien barrenak kolpetik asetzeko—. Españoles en el mundo idazpurupean laburbil genezake formatua, nahiz azpiproduktuak gehiegi izan diren.
Zorionez, halako txerri janik ez dut Euskal Telebistan gogoratzen, nahiz aspaldikoak dituen bidaia saioak horrek ere. Etengabe erabili izan den formula izan da, kanpo nahiz barruko parajeak erakusteko. Barrukoez ari garela, orain akorduan dut Jon Gomez Garaik aurkezten zuen Ibil2d izenekoa, iazkoan eman zutena, eta sekula kenduko zutenik esan ez zuten arren, motibo berezirik gabe kendu zutena, edo behintzat berriz jarri ez dutena. Auskalo zergatik. Eta gogoan dut gaurko zutabearekin lotura zuzenagoa duen Bi errepidean ere, Alex Sarduik eta Urko Aristik gidatzen zutena.
Hain zuzen, Urko Aristik gidatzen du pasa den astean ETBk estreinatu zuen saio berria, Bizirik. Aurretik aipatu ditugunekiko, gauza bat du desberdin: Euskal Herriko herri txikiak bisitatzen dituela, 500 biztanletik beheitikoak. Orain artean lau izan dira, egun bakoitzeko bi: Elantxobe eta Arano lehenean; Bastida eta Alkiza bigarrenean. Herria bisitatu, herritarrekin hitz egin, ez du ezer berririk asmatzen, baina txukun egiten ditu egin beharrekoak. Herrien aukeraketa egokia izan da, agian Elantxobe eskuztatua kenduta, gainontzeko hirurak aski ezezagunak begitantzen baitzaizkit publiko orokorrarentzat. Ez dira behintzat telebistan urte osoko abonua duten herri horietakoak. Eta ordu luze batean denetarik aurki daitekeen arren —80tik gorako agurea enbor mozketan, hatsa galdu beharrean—, oro har, txukuna iruditu zait programa. Telebista turismoa dei dezakegun hori puska batean duintzen duena. Alegia, gustura ikusten jarraituko dudala, kentzen ez duten artean, behintzat.
Komunikazioa. Ekografiak
Telebista turismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu