Berriki, Vocento-ko egunkarietan, unibertsitateko irakasle anonimo bat bere ikasleen akats gramatikalez kexu zen. Akatsek bi iturburu dituzte: bata, teknologia berriak; bestea, elebitasuna. Antza, Twitterreko zein eskuko telefonoetako mezu laburrek sekulako eragina dute ikasleen idazkeran. Antza, euskaraz ikasi duten ikasleak ez dira ondo moldatzen karrera gazteleraz egin behar dutenean. Hizkiak nahasten omen dituzte.
Irakasle honen hitzetan, terriblea.
Horixe bera pentsatu nuen nik lehenengoan euskaltegiko ikasle batek —zeina D ereduan ikasitakoa baita— kontatu zidanean ezen bera ikastolan primeran moldatzen zela euskañolez hitz egiten. Honek, hizkiak ez, hizkuntzak nahasten ditu.
Izugarria, bai.
Ez dut zuzentasun gramatikalaren jagolearen papera hartu nahi. Nork bere mugak ditu, eta denok —neuk barne, BERRIAko zuzentzaileak lekuko— egiten ditugu akatsak. Baina sentitzen dut, irakasle horren diskurtsoak ez nau batere hunkitzen. Are gehiago: zorte handia duelakoan nago. Euskalduna balitz, euskarazko testuak zuzendu beharko balitu, bere buruaz beste egingo luke ziurrenik.
Terriblea da euskaraz ikasi dutenek gaztelaniaz akatsak egitea.
Baina are terribleagoa da euskaraz ikasi dutenek euskaraz akatsak egitea.
Eta terribleena zera da, Zelaa andereak titulu bat emango diela opari. Behintzat unibertsitateko irakasle horrek «eskas» bat jar diezaieke akatsak egiten dituztenei.
Guk, ezta hori ere.
Maratila
'Terriblea'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu