Koldo Nuñez Betelu.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

'Titanic' eta klima aldaketa

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Izotza da protagonista nagusietako bat, bai Titanic ontziaren aferan, bai klima aldaketarenean ere. 100 urte bete dira egunotan itsasontzia Ingalaterratik New Yorkerantz abiatu zenetik. Hura izan zuen lehen eta azken bidaia eta, guztiok dakigun bezala, ez zen inoiz helmugara iritsi, bidean izozmendi handi batekin topo egin eta hondoratu egin zelako. Titanic teknologia aurreratuenekin eraiki zuten, eta inork ez zituen zalantzan jartzen segurtasun neurriak. Itsasontzirako propio hainbat garapen egin ziren, eta fede itsua jarri zuten haietan. Esaterako, kaskoa altzairu berezi batekin egin zen, eta konpartimentu estankoak egin zitzaizkion, alegia kasko bikoitza. Horren seguru zeuden edozein gertakariri aurre egiteko hartutako neurriak nahikoak zirela, non baztertu egin baitzituzten beste neurri xaloago batzuk. Hortaz, Titanic-eko agintariek, icebergen inguruan zenbiltzatela jakin zutenetik ontzia bera hondoratu arte, akatsak errenkan egin zituzten, bata bestearen atzean, betiere sinetsita luxuzko ontziak aurre egin ahal ziola edozein arazori. Ez zen horrela izan. Altzairuak sufre gehiegi zeukan, eta kristala bezala hautsi zen icebergarekin izandako kolpearekin. Bestalde, konpartimentuak gaizki diseinatuta zeuden, eta, lagundu beharrean, kontrakoa egin zuten. Ondorioz, munduko itsasontzi luxuzkoena betiko galdu, eta 1.500 bidaiari baino gehiago hil ziren.

Egun hauetan bertan ere jakin dugu Antartikako Larsen B izotz-plataformak azken 17 urteotan azaleraren %85 galdu duela; lehen, pa 11.512 kilometro karratu zituen, eta orain, 1.670 kilometro karratu. Jakina, atzeratze hori ez da gradualki gertatu, kolpetan baizik. Kolpe bakoitzean ehunka kilometro karratu askatu dira, eta, hala, izozmendi andana izugarria sortu, batzuk kilometro karratu askokoak. Izan ere, izotz-plataforma horiek oso sentikorrak dira klimaren berotzearen aurrean. Antartikako Penintsulako batez besteko tenperatura 2,5 gradu igo da azken 50 urteotan, munduko batez bestekoa baino askoz gehiago. Horrela segituz gero, laster erabat txikitu eta urtuko da.

Antartikan bezalaxe, Artikoan ere tenperaturak dezente egin du gora. Ondorioz, klima aldatzearen Gobernu Arteko Batzordearen arabera, «klima aldatze arriskutsuaren egoera» ari da gertatzen bertan jadanik. Artikoko ekosistemek berez moldatzeko duten ahalmenaren gainetik dago klima aldatzearen abiadura. Areago, dagoeneko eskimalen segurtasuna, osasuna eta ohitura kulturalak arriskuan daude. Bestalde, perturbazio txikiek oso eragin handia izan dezaketenean elementu jakin baten egoeran inflexio-elementu bezala ezagutzen dira. Artikoan dago gure planetaren inflexio-elementuen kontzentraziorik altuena. Horien artean daude itsasoetako izotza, Groenlandiako izotz-kapelua, Ipar Atlantikoko ur sakonen sorrera, baso borealak, plankton komunitateak, permafrosta eta itsas hondoko metano-hidratoak. Edozein perturbazio, esaterako batez besteko tenperaturaren igoera txiki iraunkor batek, oso eragin handia eduki dezake aipatutako elementuen gainean, eta horrek mundu-mailako erreakzio kate indartsu bat sortu.

Titanic itsasontziko agintariek garaiz jakin zuten izozmendi arriskutsuak zeudela inguruan, baina ez zuten berebiziko neurririk hartu. Icebergarekin talka egin behar zutela ikusi zutenean ere, ez zuten behar bezala jokatu. Gure gizartea ari da dagoeneko ikusten klima aldatzen ari dela, arriskutsua izan daitekeela eta orain arte aurreikusitako eredu asko gainditu izan direla, baina ezer gutxi ari da egiten. Hitzarmenak sinatu ziren, Kyotokoa adibidez, klima aldatzearen arriskuari aurre egiteko baino gutxi gehiago. Argi dago jada hitzarmenek huts egin dutela. Agintariek eta gizartearen zati handi batek badaki arriskua hor dagoela, klima aldatzearen icebergak gertu daudela, baina badirudi, batetik, arriskua ez dagoela horren gertu denboran, eta, bestetik, beste lehentasun batzuk garrantzi handiagoa dutela eta, azkenik, teknologiek lagunduko digutela berriz ere arriskuak gainditzen. Baina Artikoa ari da erakusten iceberga oso gertu egon daitekeela, eta, gainera, ez dela poliki-poliki iritsiko, talka handi batez baizik. Titanic itsasontzi handi bat baino ez zen. Orain arriskuan gure gizarte osoa dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.