Xabier Lasa.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Transgresioa inauteriekin

2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Inauteri hotsak. Egungo irratigintzan, izua benetakoa eragiten du segundo bateko isiluneak, barre algara sano luzarokoak, lau minutu baino gehiago irauten duen abestiak… Entzuleak irrati aparailua itzali edota konpetentziara joko ote duen, izua beti presente. Bada, kontrako norabidean doazen bi adibide bizi izan ditugu aste honetan EIn. Astelehen eta astearteko Arratsean saioan, inauterietako hainbat tokitako soinuak heldu zitzaizkigun (txarangak, motozerrak, garrasiak, joaldunak…), kanpo soinua desberdin interpretatzeko pedagogia egin ohi digun Xabier Erkiziaren eta beste zenbaiten eskutik. Ia ordu erdiko saioa, dena segidan, eta inongo narratzailerik gabe! Ostiralean, berriz, Oilategia saioan, Jon Iraolari eten ezineko algara irten zitzaion; bereari eutsi zion puska batean, ondokoak kutsatuz. Arau sozialak hankaz gora jartzen dituzten inauterien testuinguruan, dena errazago da.

Euskaraz gazteleraz.Eztabaida zahar bat berritu da egunotan. EITBn elkarrizketatu elebidunei adierazpenak bitan eskatu behar zaizkien ala ez. AralarkoMikel Basaberi erantzunez, Blanca Urgell norberak hautatzen duen hizkuntza errespetatzearen alde azaldu da; kazetariak berak izatea adierazpenak bikoizteaz edo azpidazteaz ardura daitezkeela. Sustatu.com atari digitalak gaiak askoren iruzkinak jasotzeko eman du. Tartean, irizpide ugari: adierazle emailearen hizkuntza askatasuna, errespetua, diskriminazioa, euskararen ikusgarritasuna, funtzionaltasuna (kazetarien lanari begira)… ETB jarri da eztabaidaren erdigunean, baina REra ere ekar genezakeen, lasai asko. REn konpondu gabe jarraitzen baitu gaiak.

Euskara REn. REn entzun daitekeen euskara apurra Kultur.com-en eskutik datorkigu batik bat (13:45-14:00). Idoia Jauregi eta Goizalde Landabaso esaleei esker; ez, noski, Felix Linares kultur gizon jantzia eta gaztelera eta ingelesa ez beste hizkuntzekiko sentibera delako. Kulturgileen hitzak jaso behar dituzte egunero (korte laburretan), eta horietatik zenbait euskaraz agertzen dira. Euskararen presentzia naturaltasunez igartzea hiru faktoreren esku legoke: irratiko arduradun, esale elebidun eta elkarrizketatuengan. Kanpainaren bat gauzatu beharko al da, azken horiek (gutako edonor, uneren batean) kontzientzia har dezaten-dezagun?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.