Aurrekoan, aspaldiko lagun batek gonbidatuta, mota eta adin ezberdinetako jendea biltzen duen afari-hitzaldi berezi horietako batera joan nintzen, lehenengoz. Jatetxean sartu, eta berrogeitik gora lagun, hainbat mahaitan banatuta, lau hizlarien azalpenak arretaz entzuten ari ziren, ardoa eta pintxoak dastatzen zituzten bitartean. Hau isiltasuna. Lehenik eta behin, sakelakoa itzali, eta berokian gorde nuen. Jakina, halakoetan telefonoak itzali behar direla ikasia dugu-eta aspaldian. Nire mahaikideak keinuen bidez agurtu ondoren, jarri nintzen egoera arrotz hartan hitzaldia entzuten.
Halako batean, mahaikide batek sakelakoa plater ondoan zuela eta tarteka hartu eta zer edo zer idazten zuela jabetu nintzen. Hara, hau edukazio falta. Handik minutu erdira, berriz, mahaiko guztiak ezezik albokoetakoak ere sakelekoarekin zebiltzala konturatu nintzen. Tiki-tiki-tiki-tak, idatz eta patz. Eta nirea berokian gordeta. Lagunari zertan zebiltzan galdegin nionean, hark, martzianoa banintz bezala begiratu, eta twitteatzen ari zirela erantzun zidan. Hara, konturatu orduko, estralurtar bakarra ni neu. Orduantxe ikasi nuen txio-txioka aritzea zer den.
Handik egun batzutara, lagunak konbentzituta, txoriño moko luzedun honek ere sartu zuen burua txio-txio jario etengabe horretan. Baina zer kontatuko halako espazio murritz batean, inori ezer berria erakutsiko dionik? Zera, burutazioren batekin natorrenero, ohartxo batek hitz gehiegi daramatzadala jakinarazten baitit, nire hegaldia erditik moztuz. Horixe, behin animatuz gero, hegaldi luzexeagoak nahiago ditut, bidaia luzeak maite ditudan bezala. Baina lasai, hartuko diot.
Maratila
Txio-txioka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu