gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Ubuntu 1999

2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Atera da Ubunturen bertsio berria 12.04 Precise Pangolin, eta albiste garrantzitsua da, LTS (Long Time Support) euskarri zabala izango baitu. Berrikuntza handiak baino gehiago, sistema egonkortu eta mahai gaineko interfazearen proposamen berria berretsi nahi izan du.

Ubuntu Software Center berritu dute. Tresna horri esker, Ubuntu instalaturik duten hainbat ordenagailuren artean, aplikazioak sinkroniza daitezke. Horrek asko errazten du ordenagailuetan dauden programen mantentzea.

Beste berrikuntza, Video Lens da. Gailuetan ditugun bideoez gain, Interneten hainbat biltegitan daudenak ikusteko eta bilatzeko erraztasunak ematen ditu. Horri esker, berdin izango da ikusi nahi dugun bideoa gure ordenagailuan edo YouTuben egotea. Baina aldaketa nagusia HUD (Head-Up Display) da. Pantailaren goialdeko eremuan nahi duzuna bilatzeko (baita ahotsez ere) eta beste hainbat aukera ematen ditu. Horren bidez, programak exekutatu, bilaketak egin, dokumentuak ireki... nahi duzuna egin ahal izango duzu. Batzuentzat, abantaila bat izango da. Esan daiteke hasierako komando lerroetako ideia hartzen duela, baina mahai gain berrietara eramanda. Beste batzuei zaila egingo zaie hasieran, urte asko baitira menuak erabiltzen; baina egokitzapen txiki baten ostean, ez dute arazorik izango.

Neil Stephensonek 1999. urtean In the Beginning... Was the Command Line eleberria idatzi zuen. Han, komando lerroaren alde, abstrakzio minimoaren alde egiten zuen. Mahai gainaren abstrakzio erabat bisualaren aurrean, sistemaren kontrola, gauzak nola dabiltzan jakiteko bidea oztopatzen zutela pentsatzen baitzuen. Niri abstrakzioak egokiak iruditzen zaizkit, baldin eta bakoitzak nahi duen mailan gauzak nola dabiltzan jakiteko oztopo ez badira. Gauzak erraztuko badizkit erabiliko dut, baina aukera izan behar dut sistema nola dabilen jakin nahi dudan momentuan ere.

HUDen gorderik, komando lerroa eta bulegotik (karpetak, zakarrontzia, mahai gaina bera) jasotako metaforak ezkutatzen dira, nahi duenak erabiltzeko. Hala ere, proposamen berriaGoogle bilatzailearen antzekoa da. Lerro bakar baten bidez nahi duzuna egiteko aukera. Abstrakzio hori ona den edo ez norberak erabaki beharko du, baina eztabaida berriro irekia dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.