Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Umorearen labaina

2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Umorearen eremua beti iruditu zait labaina. Beti iruditu zait umore kontuetan tarte txikia dagoela jenialtasunetik erridikulu hutsera. Eta testuinguruaren arabera, edo momentuaren, berdin izan daitekeela umore kolpe bat gogoangarri edo lotsa emailea. Esango dut garbi: alkaindarrekin —nolabait definitzearren— ez dut sobera barrerik egin inoiz. Beste gauza bat ere esango dut garbi: barre egitea ez dut indarguneen artean, eta akatsa akaso nirea da, ez dut ukatuko. Zerbait izango dute alkaindarrek —azkar esatearren— halako jarraitutasunarekin agertzeko telebistan: gogoan ditudanen artean daude Wazemank, Arregitarrak, Brinkola, Finlandia desagertu berria. Zerbait izango dute Wazemank-en interpretatzen zituzten bi pertsonaia orain berreskuratu eta saio propio bat eman badiete. Baina nik ez diet aurkitzen zer.

Kontuz, atsuak! izena du astearte gauean estreinatu zuten saioak, eta Anjel Alkain eta Iñake Irastorza aktoreak ditu protagonista, atso banaren rolean bakoitza. Kalera aterako dira, saio bakoitzean gai baten inguruko galdeketa egitera, umoretsu. Gai korapilatsuak hunkituko omen dituzte, eta, ondorioz, umorezko Salvados moduko bat dela adierazi du saioa ekoizten duen etxeak. Umorezko Salvados moduko bat. Erredundantzia iruditzen zait, Salvados bera baita txiste handi bat. Erreferentzia ezagututa, gainera, ez dakit aurkezpenik egokiena ote den.

Zezenketaren gaia aukeratu dute Kontuz, atsuak! abiatzeko, eta Iruñean eta Azpeitian izan dira. Baita Donostian eta Bilbon ere, ez dakit zehatz zergatik. Eta ez dakit zehatz zergatik politikariak elkarrizketatu dituzten hiru hiriburuetan, umorearen beste muturrean diren potilikariak, hain hotz, hain neurtu, hain zuzen. Tira, gaizki ari naiz, politikariak bilakatu baitira azkenaldian umoregile nagusi, beren gogoz bestera segur aski. Baina zer nahi duzue esatea, kosta egin zitzaidan ETB1eko saioak planteatzen duen olatuarekin bat egitea. Urrutiko agintearen makurra aplikatzea ere ez nuen urrun izan momenturen batean. Adibidez, Japoniako kazetari batzuk elkarrizketatu-edo zituztenean Iruñean. Pare bat minutu ustezko japonierazko hotsak errepikatzen, ustezko arte martzialen keinuak imitatzen, japoniarren harri aurpegiaz goza genezakeen bitartean. Eta hor ez dut uste ni nintzenik, ez testuingurua, ez momentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.