Ez da surflarien kontua soilik: olatua hartzen denean ahalik eta denbora gehien iraun behar da gainean. Galdetu, bestela, El conquistador del fin del mundo saioko lagunei. Azken edizioekin lortutako arrakasta nahikoa ez, eta udako telebista orduak beteko dizkigute faktoria beretik ateratako azpiproduktu batekin: El conquistour. Patagonia edo auskalo zer postaleko parajeetara joan beharrean, Euskal Herrian zehar ibiliko dira orain, udako festakizunen aitzakian. Konbinazio arrakastatsua herriko festak eta telebista saioa, bere garaian ETB1eko Jaiak programa gogoangarri hark erakutsi bezala. Hemen lehiakide ohiek eta herriko kuadrilla batek neurtuko dituzte indarrak. Hunkigarria benetan.
Ondo hasi zaie asmakizuna, gainera. Tira, nondik begiratzen den: ondo hasi zaie jendearen arreta eskuratzeko orduan. Zer preziotan, ordea, beste gauza bat da. Lehenengo saioan, Lizarran grabatutakoan, gutxigatik ez zuten galdu lehiakide bat. Galdu fisikoki, esan nahi dut. Hantxe atera zituzten zezen plazara, bigantxa adar zorrotzen aurrera. Eta, noski, gertatu behar zuena gertatu zen: bigantxak Lizarrako gazte bat zapaldu zuen aurpegi bueltan, sudurra papurtuz. Padillarena egin ez zionean! Hori bai, gazteak erakutsitako ausardiagatik —ausarkeriagatik, esan beharko genuke— El conquistador del fin del mundo-ko hurrengo ediziora gonbidatu zuten. Besterik da joan nahiko ote duen.
Hori bakarrik izan balitz, tira, sustoa eta listo. Asteburuan jakin dugu, ordea: Ibarrako Gazte Festek irauten zuten hiru egunetako bat El conquistour-i eskainita zegoen osorik. Baina, azken orduan, saioko arduradunek bertan behera utzi zuten dena, segurtasuna eta grabatzeko arazo teknikoak aipatuta. Ondorioa: hutsik gelditu zitzaien ibartarrei jai egun oso bat.
Eta nire galdera da: ze demonio egiten dute Ibarrako Gazte Festetako antolatzaileek egun oso bat El conquistour-eko elementu horiei ematen? Horrelakoak izango dira fase politiko berriko jai herrikoi-alternatiboak? Segi-rekin ez zen hori gertatzen. Eta, Ibarrako Gazte Festak gorabehera, inportanteagoa iruditzen zait zera seinalatzea: El conquis faktoriako produktuak Euskal Herriaren eta gazteriaren problematikei erantzuteko tresna organizatibo bezala agortuak daude. Hobe lukete desegitea. Beste batzuek egin dute, eta hemen un ange passe, isilaldietan.
Komunikazioa. Ekografiak
'Un ange passe'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu