Maratila
Ur zurrusta
Mendekosteko gaua: amets gaiztoak Dürer inarrusten du. Ikusten ditu bere loan ur zurrustak zerutik ixurtzen ari direla. «Lehen zurrustaren inarrosaldia eta haren asotsa izitzekoak ziren dio». Eskualde guzia urez kukutua izan dela, dio. Hor da iretzartzen. Lurra jotzen dute ur zurrusta handiek. Hurbil, urrunago. Zeruko goratasunetik datoz. Iduri emeki emeki lehenik, gero eta fiteago gero. Azantza handitzen da, eta ekaitza zurumilaka borobiltzen. Iretzartzean ikusia pintatu zuela dio (1525eko ekainaren 7a/8a). Diote Erreformaren gorabeherak dituela hor «ikusi» Dürrerek. Bertze batzuk berriz Dürerrek urarekin duen «obsesioa» dela hor agertzen. Ordea, Marguerite Yourcenarrek dio Dürrerek ez duela uraren obsesiorik, eta amets horretan ez dela sinbolorik (in Le temps, ce grand sculpteur (1983). Bibliako dilubioarekin ere ez duela ezer ikustekorik ametsak: «Haren narrazio onirikoan, bisiolaria errealista da, eta drama errealista baten ikusle da. Fisikalari baten zehaztasuna du. Distantziak ebaluatu ditu, abiadura kontutan hartu du, entzun du ortotsa eta senditu du inarrusaldia». Marguerite Yourcenarrek gehitzen du «… bixtan dena, lo dagoenaren ikara, jendearena dela, baina animalia batek sendi dezakeen ikara da...». Ondoko formularekin hesten du Dürrerek kontakizuna : «Jainkoak hoberenera bihurtararazten ditu gauzak». Yourcenarrek dio mantra kristauaren funtzioa duela erranaldiak. Eta lagundu dukeela mantra horrek Dürrer amets gaixtotik jalgitzen. Marco Aurelio gogorarazten digu, eta Lao Tseu eta Confucius... «Zeruak» dioenarekin akort, «hutsarekin» akort, «hala beharrarekin» akort...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu