Urratu berri dugun 2012 honetarako, nahi, asmo, promes edo dena delakoen zerrenda ondu dut nik ere, orain arteko akatsak zuzendu, eta zuzenak akasteko asmoz: Telebista gehixeago ikustea. Telebista frantsesa aintzat hartzea —eta, zer dakit, hungariarra era bai—. Frantsesa egoki ikastea —eta, hartara, hungariera ere bai—. Telebistaren mugak —22—, 32—, 42—— apur bat zabaltzea. Han-hemenka egosten ari denari usain hartzea. Ondo jaten hastea. Makrobiotika ikastaro bat egitea. Gastronomia saioei —gastronomia saioei, ez David de Jorgeri— kasu egiten hastea. Otorduen aurretik eskuak garbitzea. Pixa egin ondoren eskuak garbitzea.
ETB apur bat estutzea —azken batean, gure telebista publikoa baita—. ETB hobetzen laguntzea —ze soberbia; baina, azken batean, gure telebista publikoa da—. Adineko, haurdun, gerrako beteranoei treneko eserlekua uztea. Garraio publikoa beti ordaintzea. Igandeetako meza ETB1en kristauki ikustea —eta ahal dela, Egibidean ere bai—. Hitzetik Hortzera-ren fan egitea —besterik ez bada Facebook-en—. Pilates zer demonio den galdetzea. Behin bakarrik gaixotzea. Crematorio hasi bitartean ere telesailen batekin katigatzen saiatzea. Telezailak irakurtzea. ARTE TV Euskal Herri osoan ikustea. ARTE TV gure telebista publiko nazionala bilakatzeko sinadura bilketa abiaraztea.
Berria.info-ko erregeei blog bat eskatzea —bideoak jarri, irakurleek zer iritzi duzuen jakin, testuetako akatsak zuzendu, eta abarretarako—. Ekografia hauek errazago idaztea, amak ulertzeko moduan. Sofa erosoago bat eskuratzea. Telebista berriz sintonizatzea —badaezpada, sorpresa berririk ba ote dagoen—. Urtarrilarekin batera etorriko diren nobedadeekin adi egotea. Vicodina uzten hastea. Igerilekuan izena ematea —handik bi hilabetera igerilekutik izena kentzeko—. Telefonoarekin berradiskidetzea. Bidaia bat egitea —Vicodinarik hartu gabe—. Plasma aurpegi hau tarteka alaitzea. Pisua jaistea —4.etik 3.era gutxienez—. Edo pisua galtzea —deshauziatua izan gabe—. Ajuste kartaren itzulera eskatzea —baldin eta horrela taroteroak sarraskitzen badituzte—. Telebista gutxixeago ikustea —baina ikusitakoa hobeki hautatua—.
Horiek urte berrirako nahi, asmo, promesa edo dena delakoak. Horietako zenbat konplitzen diren gero, ordea, ikusteko dago.
Komunikazioa. Ekografiak
Urte berrirako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu