San Sebastianen azkena.«Vascuence-an hitz egin du, inork ulertzen ez duen hizkuntza horretan. Soilik separatistek, filoterroristek eta nazionalistek ulertu diote». Halako gogoeta sakona eragin zion Isabel San Sebastiani Odon Elorzak Madrilgo kongresuan asteazkenean euskaraz egin zituen hitz apurrak. San Sebastianek El contrapunto saioa (20:00-23:30) gidatzen du ABC Punto Radion. Vocentoren irratiak barne aldaketa izan zuen iaz, Melchor Miralles, Luis del Olmo, Isabel San Sebastian eta J. A. Abellan hartu zituelarik esatari gisa. EAEn, ordea, DV eta El Correo-k bereari eutsi zioten, horren haitzulotarrak ez direla adierazi nahian. Eskuin soziologikoa bereganatzeko jaio zen Punto Radio, baina porrotaren historia da harena. Gainera, 19 milioi euroren galerak egin ditu azken hiru urteetan; ikusten denez, futbol taldeak ez ezik, zenbait hedabide ere abilak dira mirariak egiten, makina bat zor izanagatik. Are gehiago irrati kontserbadorez josita dagoen panoraman (COPE, esRadio, Onda Cero, Punto Radio, Radio Intereconomia…). .
Borondate oneko. Gainezka egin zuten euskararen aldeko adierazpen ofizialek Espainiako Errege Akademian egindako ekitaldian. Sikiera hamarretik bat sinesgarria balitz… Demagun baietz, Euskaltzaindia edo Etxepare Institutukoak bezain sinesberak garela. Jose Ignacio Wert Kultura ministroa, esaterako, euskarari kultur duintasuna itsastea denoi dagokigula esan baitzuen, patrika bete lan irudikatzen dugu egunotan. Jadanik egingo zuen pare bat bisita: ABC Punto Radioko estudioetara bata, San Sebastianen miztoaren pozoia indargabetzeko asmoz, eta RTVEko egoitza nagusira bestea, euskara ere existitzen den mezua zabaltzeko (irratietan, hasteko: N1, Radio Clasica, R3, R4, R5 eta Radio Exterior).
RAC1.Radio Associacio de Catalunya 1 irratiari esker izan dugu San Sebastianen azken korroskadaren berri; El Mon a RAC1 Jordi Bastek zuzentzen duen magazinari esker. Katalunian gero eta indartsuagoa den irrati pribatu horrengatik ez balitz, ezustean pasatuko zitzaigun euskaldunoi ziurrenera. Podcast-ak aditzea aski da jabetzeko zenbateko arretaz jorratzen, salatzen… dituen Madrildik datozen erasoak, Kataluniako nortasun politiko eta kulturala jomuga dutenak. Gurean faltan sumatzen den irrati eredua dela, alegia.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
'Vascuence'-a ulertezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu