Ane Muñoz.
Maratila

Xehetasunak

2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Gero eta argiago ikusten dut bizitzaren bideak xehetasunek baldintzatzen dituztela, eta edozein unetan eskuinera begiratu ordez begiak ezkerretara edota hango bazter hartara zuzendu izanak erabat alda ditzakeela gure bizitzaren nondik norakoak eta, maiz, etorkizuna. Etxetik goizeko hamarretan irten ordez bost gutxiagotan irteteak, adibidez, bizitza ere alda diezaguke. Izan ere, askotan, asmoak burutan ateratzeko zain gauden bitartean gertatzen zaigun guztia besterik ez da bizitza.

Filmaketa baten jardunean, soinu teknikariak soinu garbia grabatzeko minutu pareko isilaldia eskatu ohi du, tarteka. Batbatean, dekoratu inguruan handik hona eta hemendik horra atsedenik gabe gabiltzan 40 bat lagunek, beharrak eten eta tokian kieto, mutu, arnasarik ia hartu gabe egon behar izaten dugu, erabateko isiltasunean. Bada, lehengoan, isilaldi luuuze horietako batean nonbait begiratu behar, eta, ustekabean, atsegin dudan alboko horri begira jarri nintzen. Baina hori, zoritxarrez, beste hari begiratzen harrapatu nuen, eta ez niri. Katxis. Berehala ikusi nuen, ordea, horrek begiratzen zuen hura ez zegoela hari begira, bazterrean zegoen hango hari baizik. Orduan, ordura arte ikusi ere egin ez nuen hura nori begira ote zegoen jakin nahi izan nuen, eta, to, bazter hartatik, isil-isilik, niri so aurkitu nuen! Hau kakanahastea, nik horri, horrek hari, hark beste hari eta beste hark niri. Eta azkenean, zera, bazterreko hura eta ni bata besteari tinko begira... wildtrack-a amaitutzat eman zuten.

Instant labur horretan bizitako xehetasun horrek eman dit zer pentsatua. Ikasiko al dut, inoiz, dagokion unean behar den tokira begiratzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.