«Erresuma honetako jendearen erdia, baita erdia baino gehiago ere, borondate gaiztokoa da». Naiarako duke eta Nafarroako erregeordeak, 1521eko apirilaren 29an.
Akats bat egon da, nonbait. Tronpatu egingo ziren mezulariak. Tropak behar genituela idatzi nerautzuen, baina, nonbait, erratu egin dira eskribauak transkripzionean. Tropak beharrean, tronpak baino ez ditugu jaso! Uniformea bai, oro zuri eta oro gorri, baina akabo hor gudariekiko antzekotasunak oro. Erresistentzia handia dutenik ezin ahantzi, baina diziplinarik batere ez. Sabelkoi, parrandazale zaratatsu kuadrilla bat baino ez dugu erresumaren defentsarako. Gure nazionekoak izan arren, hamaiketakoena eta merenduena da konprenitzen duten lengoaje bakarra. Hen mintzaira erabili dut, horregatik, alistazione kanpainaren hasmentan. Nabarreriako iturri gainetik egin ditut proklamok: «Nafar joriok, egin bat gure gudarostearekin. Ordainketa: ardoa, urdaiazpikoa, solomoa, patatak, eta iraultza parea». Baina alferrik! Plazer hartzeko baino ez dira jiten gure exerzitora nafar jendeok. Eta ordaindu beharreko hainbeste gosari eta merendurekin zulo ekonomiko handia dugu. Kausa honengatik, intsurrekzionearen beldur naiz. Hen arteko erdiak, edo erdiak baino gehiago ez baitira fidatzekoak.
Latza da egoera, maiestateok. Mezulariak igorri derauzkidate Goizuetatik 1512ko uztailaren 10 honetan. Larria da situazionea: Gaztelako tropek hartua dute herria. Eta bitartean Iruñean zer? Harresiak dira esperotako orduan esperotako tokian egoten diren bakarrak. Egunero, eguerdian ateratzen naiz jauregitik tropen errekonozimenduaren egitera. Baina bazkal ondorenera arte ez da nehor jiten. Eta hala doaz egunak hiriburuan. Diziplinarik gabeko gudariak egunez, eta gauez borreroen eskuetatik pasarazten ditudanen gorpu eroriak parke eta gerizpeetan.
Kontrara, diziplina da nagusi etsaien artean. Fernando II.a Gaztelakoa buru dabil alistazione kanpainan, tropa inglesak lagun harturik. Jasotako informazioneen arabera, Leringo kontea pankartan jartzen ikusi dute gauez. Koldarra! Hobe genuke burua bizkarraz libre balu doilor horrek. Hiri osoa bete du kartelez madarikatuak! Eta ez da hori okerrena. Caravinagre nafar sarjentu neutralaren aurpegia darabilte jendea engainatzeko! Inglesez egiten dute alistazionerako deia: I want you for San Fermin!. Horra nafar jende libreen limurtzeko hautaturiko mezua. Urteak egin derautat Kornuallesen kanpainatan, eta ingles jende hen tradizioneak dazagutzadanez, erran ahal derautzuet hitz ilun horien tradukzionea zinez dela beldurgarria. I want you for San Fermin. Gure lengoajera zehatz-mehatz ekarririk: «Heriotza Katalina III.ari!». Halako irainik gure nazionean bertan!
Diru faltan dabil gurekanpaina. Gurekin altxatu behar lukete soldaduek, baina dirurik gabe, beldur naiz gure aurka altxatuko ez ote diren. Horregatik eskatzen darauritzuet dirua igortzeko ahal bezain azkar. Nafarroaren askapenak behar du zuen aportazionea. Errege-erregina maiteok, larria da egoera, eta beharrezko dira sosak gure asmoek prosperatuko badute. Gure jende libreak jarraituko badu party-a askean. Barka. Patria askean.
Ziurtatzen darauritzuet urrezko lingote eta aziendak oro ez direla Nafarroako erresumaren liberazionerako baizik erabiliko. Nik, nafar tropen buru, Maldikoko Zaldiko eta Abarreko jaun eta jabe naizen honek, lepoa jartzen dut konpromisotzat.
[Oharra: Nafarroako errege-erreginekaportazionerik bidaliko balute, BERRIAk bere gain hartzen du eskubidea urrezko lingote edota azienda buruak Zure ziztada behar dugu kanpainara bideratzeko].
Ezkutuko kronikak
Xingar-eko gudarostea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu