Ane Muñoz.
Maratila

Zabor artean

2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Balkoiko landareei kasu egitera irten nintzen arratsalde hartan, hurrengo bi gauetako loa lapurtuko zidan anekdota txiki baten lekuko izan nintzen.

Kalera begira nengoela, zirkulazio etengabea, gurasoak eskolako autobusaren zain, gazteak footing-ean, emakume batzuk arin-arin paduratik itzultzen, eta, hara, ezohiko mugimendua beheko kontainerretan. Arraroa, ezta, aldi berean hainbeste jende zaborra botatzen. Berehala jabetu nintzen botatzen ez ezik zaborra biltzen ere bazebiltzala batzuk. Eta ez ziren alboko auzoko betiko errumaniarrak, keba; izan ere, bertan bildutakoa hemengo matrikuladun auto batean sartzen ikusi bainituen, jarraian. Bitartean, neska bat oihalen kontainer parean zegoen, motxila eder bat alboan. Nahasia zirudien. Motxilatik ateratako kamiseta botatzera zihoala, gorputz gainean ipini eta berriro motxilara itzuli zuen. Gauza bera, soineko eta galtzerdi parearekin. Dena zakura, badaezpada. Handik gutxira, gizon lodi batek organikoen ontzian poltsa berde-gris bat bota zuen. Ez dakit zergatik, poltsa hark erakarri ninduen nolabait.

Ordu erdi geroago, han non ikusten ditudan gure auzoko bi agure-atso, makila eta taka-takarekin, zaborgunerantz. Barakuiluen erritmoz eta kostata, aitonak organikoaren ontziaren beheko barra zapaltzea lortu zuen, eta amona, gorputz zahartuaren dardar etengabeari ezin eutsirik, makila kontainerrean sartu eta hasi zen zerbaiten bila. Hau suspensea, neska.

Tatxan! Makilarekin poliki bultzata, gizon lodiak botatako poltsa berde-grisa ateratzea lortu zuten. Ufa! Poltsa taka-takari lotu, eta han joan ziren, poz-pozik, edukiaren misterioa beraiekin betirako eramanez. Jope.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.