Elikadura. Eko-tik

Zabor bazka garaiak

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
N ahiko sinistua dugu hemen oso ondojaten dela, baina ez nago batere ados. Kalitate bikaineko jakiak ekoizten badira ere, oso gutxi dira, ia ezezagunak eta nekez merkaturatzen direnak, eta ustezko euskal sukaldaritzaren bikaintasunak askoz gehiago du espektakulutik eta artetik, fundamentutik baino. Baina idatzi hau, arteaz baino gehiago, elikagaien kalitateaz doa.

Uda honetan txibierro batzuk jatera nindoala, lagun batek galdetu zidan ba ote nekien zer jatera nindoan, berak taberna batean lan egin zuela eta gogoratzen zuela zein nazkagarria zen bloke izoztu horiek desizoztu eta jateko prestatzea. «Utzidak bakean gozatzen mesedez, jaten dudan gauza bakoitza aztertzen hasten banaiz ez bainaiz etxetik irtengo».

Elikadura industrialean lana egin duela ezagutzen dudan orok berdina dio: oilaskotegi erraldoi goragalegileak, Auschwitz erara ekoitzitako arrautzak, plastikozkoek baino gehiago iraun dezaketen Euskolabel tomate hidroponikoak, plastilinazko orez egindako ogi egin berri natural-naturalak… Zerrenda bukaezina da, eta elikaduraren arlo guztiak betetzen ditu; hori bai, oso politak azaltzen zaizkigu supermerkatuetako apalategietan. Kalitate galera hori baratzeak supermerkatuz ordezkatzen hasi garenetik dator, eta eragile oso indartsu bat izan du lagungarri: osasun politika. Osasun araudiek hankaz gora jarri dute bertako janari ekoizpena, industriaren beharren araberako arauen bidez. Oso zorrotzak mikrobio, bakteria eta halakoen kontra, baina begiak itxita bestelako kutsadura bizigabeekiko: metal astunak, kolorante, herbizida, konserbante… Beherakoa eman dezakeenari arrisku eremuak asko mugatuz; baina poliki-poliki pilatuz akabatzen gaituena libre utziz.

Ezinezkoa da, adibidez, hogeita bost oilo larrean edukitzea, eskatzen diren instalazioak ez direlako errentagarri, baina baimentzen dute baldintza kaskarretan kaiolan pilaturiko milaka oiloek ekoitzitakoa. Edo iturritik irteten den ura zorrozki analizatzen duten artean, ez dute aztertzen zerk kutsatu duen. Politika horiek Europako beste herrialdeetan baino zorrotzago betearazten dira, eta baserria antinaturalki espezializatzera edo ixtera behartu du.

Horrek bertako sare ekonomikoen deuseztea ekarri du, kalitatearen galera, zabor ekoizpena biderkatzea, errepideak kamioiz betetzea... Eta ez da lehiakortasun arazo soil bat, arazo politiko bat baino. Inoiz ez diot inongo politikori osasun arauekiko kritika erditxo bat aditu, sinetsarazi digutelako zientzia neutrala dela, eta argi dut independenteak izan nahi badugu dependentzia murrizten duten politikak egin beharko direla, eta hori ez dela Elikadura Subirotasunaren sailaren lana bakarrik, Osasuna, Ekonomia...

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.