Baina ez dizuet esan asteazken gauean, Egigurenen Bisitaria-ren aurretik, De boca en boca eman zutela ETB2n. De boca en boca, badakizue, gaurkotasun bizieneko gaiak modu argi eta garbian eztabaidatzen dituen programa hori —bueno, gaurkotasun bizieneko gaiak eztabaidatu eta Antonio Basagoiti elkarrizketatzen duena ere bai, oraingoz gisa horretako elkarrizketa bakarra—. Gauza da, herritarron kezken artean behinena izan zutela mintzagai, ez Espainiako arrisku prima, ez astebururako eguraldia.
Ez: zaborraz hitz egin zuten, zaborraren sorrera, jasoera eta tratamenduaz hain zuzen. Eta herritarron kezken artean behinena esan dut, baina zehaztu behar nuke izatekotan gipuzkoarren kezka edo gipuzkoarrei sortu dieten kezka dela; nekez imajinatzen baitut gainontzeko probintzietako jendea Gipuzkoako zaborren gaineko eztabaida bati begira. Ez da egiten duten lehenengo aldia, gainera, martxoaren 15ean ere gai berari buruzko beste eztabaida bat eman baitzuten. Asteazken gauean ikusi nuenagatik, mesedez, ez dadila gehiagotan errepika.
Hasteko, esan beharra dago gaiaren gaineko argitasun izpiren baten bila gerturatu zen teleikusleak —neronek, adibidez— izututa ihes egin ahal zuela bigarren minuturako. Faborez eta arren, zer kristo zen hura? Eztabaidak iraun zuen ordu eta berrogei minutuak, ez zabor organiko, errefusa izan ziren, ez zen ezer ulertzen, oilategia zirudien hark. Desesperatzeko modukoa. Lehen eztabaidarekin alderatuz, gonbidatuen artean bakar batek errepikatu zuen, gaian aditu omen den Denis Itxaso Donostiako PSEko zinegotziak. Argi uzten du horrek zaborrak zenbat erretzen duen. Baina are argiago uzten du berdin diola gai horri buruz nork hitz egiten duen; nondik hitz egiten duen baita garrantzitsuena. Hau da, segun eta hizlariak zer kolore politiko duen, halakoa izango dela gaiaren gaineko iritzia. Izan ere, eztabaida beldurtzeraino baitago alderdi politikoek berenganatua. Atez atekoari ez dakit, baina zaborren kontu honi kirats galanta dario.
Eta ez nintzateke harrituko asteazken gauetik aurrera Diogenesen sindromearen kasuen diagnostikoek gora egingo balute gurean. EAJko gonbidatuak esan zuen gau osoko gauzarik zentzudunena: «Ez dakit dagoeneko inor egongo den guri begira». Eta hor, ez bakarrik erabilia, inozo ere sentitu nintzen.
Komunikazioa. Ekografiak
Zaborraren kiratsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu