Nekez topatuko dugu elikagairik, arrautzak adinako erabilera ezberdin daukanik. Egosia, frijituta edo uretatik pasatuta, tortillan, flanetan, saltsan, opil eta bizkotxoetan, kischetan… Arrautza prestatzeko erak zenbagaitzak dira. Gazi zein gozo, beti goxo. Arrautzak oinarrizko elikagaiak izan dira gizakiontzat, ez kasualitatez: beharrezko ditugun nutrienteetatik asko kopuru nabarmenean topatzen dira arrautzetan. Gainera, proteina iturri bikaina da.
Aparta bada arrautzak duen aldakortasuna, azken urteetan irabazi duen fama txarra ere ez da nolanahikoa. Irudi hori ez da, haatik, zuzena. Zuringoan, gehienbat proteinak daude, gure gorputzak oso erraz bereganatzen dituenak —haragiarenak baino errazago—. Gorringoan kontzentratzen dira nutriente gehienak: bitaminak, mineralak, gantz-azidoak (asegabeak —onak— nabarmen), eta kolesterola. Arrautzari zorigaiztoko ospea ematen diona substantzia madarikatua da. Baina azken urteetako ikerkuntzek gauzak berriro bere lekuan jarri dituzte: kolesterol kopuruak ez du hainbesteko eraginik absortzioan, gantz-azido ase eta asegabeen arteko erlazioak baldintzatzen baitu absortzioa. Eta arrautzen kasuan, erlazio hori erabat egokia da guretzat. Esan gabe doa arrautza ekologikoek %5,5 proteina gehiago daukatela eta gantz-azido hobeak dauzkatela.
Supermerkatuetan merke-merke saltzen dituzten arrautzak kaioletan dauden oiloek jartzen dituzte: 24 orduz argitan, ezin mugituta, arrautzak jarri eta jarri. Baldintza eskasen ondorioz, abereak ez daude osasuntsu, eta, horregatik, antibiotikoak eta bestelako osagarriak eta sendagaiak eman behar zaizkie pentzuan.
Oilo ekologikoek pentzu ekologikoa jaten dute: zereal ekologikoz osatua, GEOrik gabea eta ekoizpena laguntzeko osagarriak dauzkana (mineralak). Egunero, zortzi orduko iluntasuna daukate. Aske dabiltza: aire librean, gutxienez 4 metro koadro dauzka bakoitzak; oilotokian, gehienez sei oilo daude metro koadroko. Maneiu naturalagoaren ondorioz, gaixotasunak arraroagoak dira. Arazoren bat sortuz gero, fitoterapia eta homeopatia hobesten dira. Ohiko sendagaiak ez dira erabat baztertzen, ordea: urtean hiru tratamendu alopatiko egin daitezke, baina ondoren segurtasun tarte luzeak mantendu beharko dira. Arrautza ekologikoen trazabilitate kodea —arrautzen azalean egoten diren zenbaki eta letra gorriak dira— zerotik (0) hasten da. Bila itzazu!
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea. Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Zein dira arrautza ekologikoen berezitasunak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu