Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Zer eredu izan gaitezkeen

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hara: «Ezin dugu ahaztu telebista etxe guztietan dagoela. Gurasoek telebista programazioaren gaineko ardura erakustea normala da, gero eta denbora gehiago ematen baitute haurrek pantaila txikiari begira. Ez da gomendagarria haurrek telebista aparailu bat izatea beren gelan, ez eta telebistak otordu eta lo orduak baldintzatzea ere. Telebista ikusten ematen duten denborak beste ekintza aberasgarriago batzuk—jolastu, kirola egin, musika entzun— egiteko aukera kentzen die. Gomendagarria da haurrek pantaila aurrean ematen duten ordu kopurua kontrolatzea».

Atzo bukatu zen eskola ikasturtea. Eta ez da gauza arraroa guraso asko eta askok eskutitz bat jaso izana seme-alaben motxilan udako gomendio moduko batzuekin. Zutabe honetako lehen paragrafoa, hain zuzen, bere horretan kopiatua dago aholku orri horietako batetik. Kuriosoa da: gainontzeko kontseiluak gehienez ere lerro pare batean haizatzen dira; telebistaren erabilerari buruzkoak hartzen du, berriz, hori, paragrafo potolo bat, 500 karakteretik goiti, garrantzia nabarmenegia.

Telebista bai baita kezka iturri, are haurra hazten, gerora izango den gizabanako heldua egiten ari den garaian —gu, jada, ondo eginda gaude, eta gehienez desegiten joango gara pixkanaka—. Telebista eduki ez eduki galdera egingo dute batzuek, baina etxearekin batera beste etxetresna elektriko batzuen ondoan telebista atxikita daukagunok zenbat ordu, zer ikusi, nola lagundu ikusitakoa ulertzen izango ditugu galderarik ohikoenak. Eta saiatzea, batez ere, eredu egokia izaten haurren aurrean.

Baina zer eredu izan gaitezke gu, are udan, Eurokopako partidu guztiak zorrotz-zorrotz irensten ari banaiz, Tourra galdu ezina badut uztaileko bazkaloste lodietan, Olinpiar Jokoak noiz iritsiko irrikitan banago, borroka librea, badmintona eta gehiago ikusteko? Zer eredu, goizeko zortzietan telebista aurrean paratzen banaiz Iruñeko entzierroak ikusteko? Zer eredu telebistaren ugaritasunean haziak izan garenok, lagunak esaten badit oporretan kontent asko joaten dela gurasoen etxera, zergatik eta gela handi bat daukatelako, sofa handi batekin, telebista handi bat lasai demonio ikusi ahal izateko? Tira, ondo pentsatuta, akaso txar-txarrena ere ez, telebistaren ugaritasunean haziak izan arren hain karraskatuta atera ez garelako, ezta? Ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.