Entzule ideologizatuak.EGMren datuek baino gehiago, datu horiekin ateratzen diren interpretazioek —muturrekoak batzuk— egin ohi digute grazia. SER Euskadiri eta REri, biei aldi berean aditzea Euskadiko irratirik entzunenak direla, hori klasiko bihurtu da. Perlatxorik deigarriena, dena dela, REren autopromoan entzun dugu. EITBko lau irratien gorakada harro azaltzearekin batera, EI aipatzeko orduan «hogei mila euskaltzale» gehitu zaizkiola adierazi dute. Interpretazio hori REren entzulea erdaltzalea dela sekula esango ez lukeen baten burutik irten da, euskarazko irratia entzuteari zama ideologikoa eransten dion baten mentalitatetik. EIko langileei zer pentsatua emango die, emango dienez, REko lankideek eurez eta euren lanaz daukaten kontzeptuak.
Laura Mintegi. EHBko hautagai labetik atera berriak REri —Boulevard— eskaini zion lehen elkarrizketa, asteazkenean. Ikusmina eragin zuten hautagaiaren iragarpenak eta haren lehen adierazpenek hainbat mediotan, susmatzekoa zenez. EIk egingo zuen ahalegina enkantean, bera izan zedin lehena Mintegiren esanak jasotzeko, baina alferrik izan da. Harrigarria izan da nola galdu den aukera, beste behin, euskararen galbahetik pasa zitezen Mintegiren esanak lupaz aztertu dituzten horiek denak. Harrigarria, bi aldeen jarrera (EITB eta koalizioa), bigarrenarena batez ere. EITBn euskara lehenestea —hizkuntza irizpide nagusia behar lukeena izan— ez da inondik ere igarri. Eta are mingarriagoa izan da koalizioak primiziarekin egin duen gestioa; ez da aski izan Mintegik berak Faktoria-ko tertulietan parte hartu izana urteetan.
Biren kontua. Udako formatua ezarri diote Ganbara-ko solasaldiari: bi solaskide, ordu erdian. Biak ideologikoki aldendu samarrak izatea litzateke egokiena, eztabaida aberatsa lortze aldera. Asteazkenekoak, ordea, ez du oinarrizko arau hori betetzen Xabier Gurrutxaga eta Juan Carlos Rodriguezekin.
Luis del Olmo. Bere ego pertsonala, harrokeria… ipurbistan geratu da, hamaikagarren aldiz, asteazkenean. Merezi du aditzea Fernandez barne ministroari Abc Punton egin zion elkarrizketak. Zenbat dakien, boterea nola makurrarazten duen bere nahietara… Bere bizkartzainak kentzeko ere eskatu zion ministroari, paparrean martiriaren domina kolkoratu nahiko balu bezala.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Zer pentsatua ematen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu