Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Zorrak

2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Joan dira Ai, ama! show berriaren —hala etiketatua dute— lehen bi asteak. Martxan da jada hirugarrena; eta iruditzen zait badela garaia saioaren gaineko hitz pare bat esateko. Lehenago ere egin nezakeen, telebista saio batek —gobernu batek ez bezala— gehiegitxo dituelako ehun egun; are orain, ETB ere presaren presaz saio berriak di-da kentzen hasia dela. Baina Ai, ama!-rekin zalantza izan dut zer esan, nola esan, nondik esan ere bai. Ikusi ditut saio batzuk—gehienak, egia esatera—, egin dut ideia bat, baina ez dakit iritzi zuzena osatu dudan. Hara.

Hasteko eta behin esan beharra dut Iban Garate gidari txukuna iruditzen zaidala, ondo eramaten dituela atal guztiak, saioaren erritmoa, elkarrizketatuaren hitza. Esan beharra dut Itziar Atienza gustatzen zaidala, zuzen egiten duela egiten duen apurra. Eta Pagadik barrea ateratzen didala. Ondo daudela, oro har, guztiak beren lanean. Elkarrizketaren generoa, gainera, beti izan dut maiteenen artean; esana dut hemen ere. Eta, orduan, zerk ekartzen dizu, ba, zalantza? Zerk ez zaitu betetzen? Ez dakit ba, izango da kirolari eta etxeko gonbidatuen konbinazioa, tarteka txantxak gaztelaniatik egiteko joera, elkarrizketa bat gehiegizko osagarriekin jantzi nahi izatea —Finlandia-ko neurrietara iritsi gabe, ordea—. Eta, batez ere, izango da originalarekiko —tira, originala ere ez da izango; kopiaren kopia segur aski— zor handiegia hartzen diodala. Ezin dut Ai, ama! ikusten ari naizela El Hormiguero burutik kendu, Pablo Motos eta konpainia —Trancas eta Barrancas barne—. Eta horiek denak bai ez ditudala jasaten, gelocatil gramo bat sartuta ere. Gehiegitxo.

Eta, hala ere, ikusten dizkiot bertuteak Ai, ama!-ri. Hasierako monologoa —Buenafuenteren haien hain zordun hori ere— sendotu liteke, luzatu, findu. Garatek traza du horrelakoak egoki egiteko. Elkarrizketatuak ere aldizkatu daitezke, handik eta hemendik ekarri, maila polita eta jokoa eman dezaketenak baitaude hor zehar hamaika. Eta, pentsatzen dut denborarekin gero eta gehiago gertatuko dela, balio propioetan sakondu daiteke, urrundu kopiaren kopiatik, funtzionatzen duten gauzak aintzat hartu eta indartu, identitate propioagoa osatzeraino —zeinen ponposo ematen duten kontzeptuok—. Pazientzia behar da, baina, horretarako, eta espero dut katearen arduradunek hortik oraino izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.