Atzo , Gasteizko Lehendakaritzan Rene Cassin sariak banatu ziren. Giza Eskubideen aldeko eguna izanik, urtero egez, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen alde lanean diharduen eragile bat saritu zuen. Aurtengoan, Frankismoen Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma izan zen saritua. Eta kereila jarritako biktima naizenez, ekitaldira gonbidatu ninduten.
Nire ondoan gazte bat jarri zen, bistaz ezagutzen nuena eta ni bezala kereilako partaidea. Ekitaldia hasi aurretik, mutilak presoen ikurra atera zuen bere poltsatik, nik ere nire belaunen gainean jarri nuena, Giza Eskubideen Egunean oso aproposatzat jotzen bainuen. Aurrerago, mutilak ikurra altxatu zuen, baina gehiegi nabarmendu gabe jezarrita jarraitu baitzuen. Dena normal joan zen, ekitaldiaren erdialdera Urkullu altxatu, hizlariari isiltzeko esan eta guregana hurbildu zen arte. Gizona zurbil baino harrokeriaz: “Zuek badazue zuen ekimena hor kanpoan, hau gure ekimena da, eta, beraz, ikur hori kendu behar duzue”.
Lur eta zur gelditu nintzen. Ezin nuen sinetsi ikusten eta entzuten nuena. Eta bereziki larria da, erabili zuen forma eta argudioa. Penaturik irten nintzen. Iruditu zitzaidan,lekuz kanpo zegoen jarrera intratsigente baten lekuko izan nintzela.
1.- Zer esan nahi du Urkullu jaunak “hau gure ekimena da”... esaten duenean? Nik uste nuen han bildutako guztiak giza eskubideen alde geundela, eta ez alderdi batek gonbidaturik. Zer zen, alderdi baten ekimena ala herritarrei zabalik, eta bereziki, Frankismoaren biktimei zabaldua? Ez al da benetan larria horrelako argudioa erabiltzea? Instituzioak modu horretan patrimonializatzeari oker larria deritzot, eta Urkulluk horrela jokatzea, lekuz kanpo.
2.- Ikur hori dispertsioaren aurkakoa da, beraz interes politiko eta elektoralagatik larriki urratzen diren presoen eskubideak aldarrikatzen ditu. Ez zuen ekimena oztopatzen, eta, nire ustez, hango inori ez zion minik egiten. Orduan, zein zen Urkulluren helburua, zein argazkiren bila zebilen? Agian, egunkari batzuk azpimarratu dutena: “Urkullu se encara a los presos”? Jakina, orduan badakigu noren txaloak lortu nahi zituen.
3.- Gogorra egiten zait aitortzea, baina beldur naiz Urkulluri banderola horrek min eman ziola, begi bistan uzten zuelako beraien mezuaren eta errealitate gordinaren artean dagoen lubakia. Presoek bizi duten egoera eskandalagarria da. Demokrazia hitzarekin talka egiten duena. Instituzio eta arduradun politikoen epelkeria gogor salatzen duen errealitate gordina. Noizko, hitzetik at, preso gaixoek bizi duten kalbarioaren aurkako salaketa garbia? Noizko dispertsioa salatzeko keinu zintzo eta ausarta?
Bilboko Udaletxean, 1980. urtearen bueltan, deskalifikazio asko entzun genituen, PNVko kideen aldetik, Frankismoko krimenak salatzen genituenean. Ez omen zen momentua. Hemendik hogei urtera presoen aldeko mugimendua omenduko dugu? Ez al da askoz egokiagoa, presoen eskubide urraketaren aurka, behingoz eta berehala stop ozen esatea?