Brian de Palmaren Body Double filmean aktore pornoa da Melanie Griffith. Zuzendari batek pelikula bat filmatzeko esan dio, baina hark baldintzak jarri ditu: «Ez dut ezer egiten animaliekin; ez zait sado-masoa gustatzen, eta uko egiten diot tortola depilatzeari». Filma aste honetan eman dute telebistan. Quim Monzok duela ez asko idatzitakoa berretsi du Griffithen eskaerak: gorputzeko alde hori depilatzea estetika pornoaren ezaugarria dela —ileak ikuskizuna oztopatzen du…—; pornoaren itzalak herritar guztiei eragiten digula, baita kastuenei ere.
To depilate or not to depilate, that is the question. Gaur bizi balitz, Hamlet gazteak ez lioke halakorik galdetuko bere buruari, Ofeliarekin egon baino lehen. Gillete makina hartu eta aurrera. Behekoa depilatzea oraingo joera da. Duela 30 urte, ordea, ez zen ohikoena. Goikoa ere orain baino iletsuagoa zen. Biboteak eta bizarrak zeuden nonahi: bazen bizar bizkaitarra; bazen bizar nafarra; bazen bibote gipuzkoarra eta, horren barruan, azpitaldeak: bibote donostiarra eta Urola aldeko bibotea, esaterako. Frantziak administratutako Euskal Herrian sarriago mozten zuten bizarra gizonezkoek. Bestalde, baziren faxista kutsuko bibote finak eta bibote zakarragoak, gizontasun (?) ikurra zirenak. Eta guardia zibilen biboteak, noski.
Orain gure errepideetan kontrolak jartzen dituzten guardia zibil gazteek, ordea, ez dute biboterik. Depilatuta daude, eta, uniforme barik, gimnasiotik ateratzen den edozein herritar izan litezke, Desigual edo Custo sudaderak jantzita. Egungo guardia zibilak metrosexualak dira, baina haien funtzioa lehen bezain kilometrosexuala da: hemen barrabilak nork dituen erakustea, argi ikus dezagun nork agintzen duen.
Kontrol horietaz kexatu da Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, Deia egunkarian asteon argitaratutako iritzi artikuluan. Jeltzalearen arabera, ETAk borroka armatua utzi arren, Guardia Zibilak kontrolak jartzen segitzen du. Horrek Gernikako Estatutua urratzen du, lege organikoak asko mugatzen baitu berdeen zeregina. Eguneroko jardunean ez dago mugarik, baina. Autoan apur bat mugitzen dena erraz konturatzen da: asteartean bertan kontrol bat zegoen, A-8 autopistako irteera batetik ez oso urrun. Duela hilabete eskas, EHUko atean zeuden txapelokerrak, Leioan, ikasleak kontrolatzen. Arrizabalagak dioenez, guardia zibilek operazio horien berri eman beharko liokete Ertzaintzari. Areago: baimena eskatu beharko liokete. Guardia Zibilak Ertzaintzari baimena eskatu kontrol bat jartzeko? Hala behar luke, teorian. EAJko politikariaren ustez, Ares jaunak ez du Ertzaintzaren funtzio integrala defendatzen. Ea, ba, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria bada, Ertzaintza bidaltzen duten Ibarruriko aldapako kontrolera, Gernikako Estatutuaren ale bat eskuan, Benemerita-ri mugak erakusteko. Seguru guardia zibilak ikaratuta daudela hori pentsatu hutsarekin.
Azken asteetan ETAren historia errepasatu du Espainiako telebistak, Crónicas saioan. Jose Antonio Saenz de Santamaria jenerala (1919-2003) azaldu da bertan, hura ere depilatu gabe, mortsa bibotearekin. 80ko urteetan terrorismoaren kontrako borrokako buru aukeratu zuten Saenz de Santamaria. Hona haren hitzak: «Nire zailtasun handiena hauxe zen orduan: ia militarki jardutea, baina operazio militar baten itxura eman gabe».
Egun ere berdin segitzen dute guardia zibilek. Militarki jarduten dute, baina saiatu egiten dira okupazio militar baten itxura ez ematen. Mamia ez da asko aldatu; azala, bai. Orain gure antzera ibiltzen dira guardia zibilak: depilatuta. Euskal Herrian ZEN plana indarrean zegoen garaian, berriz, desberdina zen —oharra irakurle gazteenei: ZEN horrek ez zuen zer ikusirik budismoarekin; pikolo monjeek beste era bateko meditazioa eskaintzen zuten euren monasterioetako egonaldietan—. Orduan ilea zen nagusi. Brian de Palmaren pelikula 1984. urtekoa da. Aktore pornoek izan ezik, nork depilatzen zuen tortola—edo barrabilak—1984an?
Darwin eta gu
1984
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu