Bigarren etxebizitzen eraikuntzari buruzko erreferenduma egingo dute Suitzan martxoaren 11n. Ekimena eraikin horiek ugaltzeak sor ditzakeen arazoei aurre egiteko bultzatu dute. Bozkatuko den proposamena onartuz gero, debekatu egingo litzateke udalerri batean dauden etxebizitzetatik %20 baino gehiago bigarren etxebizitzak izatea.
Bigarren etxebizitza halaxe definitzen dute: pertsona pribatuek urtean zehar, tarteka, oporretarako erabiltzen dutena. Guretzat korapilatsua izan daiteke pertsona pribatuak terminoa —Privatpersonen—, baina hitza nahita aukeratua da. Izan ere, gizabanakoa nahasgarria da. Privatpersonen berbak hobeto mugatzen du eremua, hainbat kasu uzten baititu kanpoan: ostalaritzan alokatzen diren etxeak, ikastetxeek edo enpresek erabiltzen dituztenak ikasle eta langileekin... Debekua normalean bertan biziko ez den jendearen jabetzari ezarriko zaio soilik. Gainera, arauak ez du esaten orain dauden bigarren etxebizitzak bota edo desjabetu behar direnik. Eginda dagoena errespetatu egiten da. Legea geroari begira da.
Proposatzen den %20ko mugaren arrazoia argi azaldu dute ekimenaren aldekoek: nahiko lekurik uztea herri bakoitzeko jatorrizko jendeak garapen propioa izan dezan. Suposatzen da jatorrizko adjektiboa komenentziazko erroldatzeak eragozteko jarri dutela. Halako mugak ezartzea ez da berria. Austriako Tirolen %8ko kopurua ezarri zieten bigarren etxebizitzei 90eko urteetan.
Jakina da suitzarrek erreferendumak egiteko duten ohitura. Batzuek tradizio demokratikoaren seinale dela argudiatzen dute. Beste batzuek arriskutsua dela diote, eta iraganeko zenbait adibide aipatzen dituzte: suitzar pasaportea lortzeko, esaterako, erabakita dago atzerritarrek bizilagunen onespena jaso behar dutela zenbait kasutan. Bestalde, 2009an, baiezko botoa eman zioten suitzarrek meskitetan minareteak eraikitzea debekatzeari.
Egia da. Suitzar demokrazian bada halakorik, baina egia ere bada soilik horien berri ematen digutela hemen. Minareteei buruzko ekimenarekin gora eta behera ibili ziren nazioarteko hedabideak bozketaren aurretik, baita gero ere. Hala ere, bigarren etxebizitzei buruzko bozketari buruz ez da ia ezer aipatu orain arte. Suitzarren barne arazoa omen da. Arrazakeriaren gaia heldu beharrekoa da, zuzenean eragiten diolako bizikidetzari. Alta, etxebizitza izateko eskubidearen bermea eta mugak ere garrantzitsuak dira, eztabaidatu beharrekoak.
Gizakiak gara. Ulergarria da halako lekuan halako txokoa nahi izatea, asteburuak edo oporrak geure paradisuan emateko. Bizkaiko kostaldera goaz, kresalaren usainak mozkortu egiten gaitu, eta bertan etxe txiki bat erosteko gogoa pizten zaigu, buruan Bizkaia maite kantatzen dugun bitartean. Edo Iratin gaude, eta laborari izerditsuarengana goaz, Aire delizius huntan doinuaren birusak kutsatuta, etxalde xarmagarria salduko ote digun. Tratu ekologikoa izango da, gainera: baserritarra bertatik joan eta arbolak pikatzeari utziko dio.
Bigarren etxebizitza —edo hirugarrena, edo laugarrena…— izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, kenketa fiskal eta guzti. Baina zer izango litzateke leku jakin bat modan jarri eta denok bertan eraikiko bagenu bigarren habia? Zer egin beharko lukete bertakoek? Edo zer gertatuko litzaiguke guri, urrez gainezka dauden batzuk —xeke arabiar islamistak edo Ameriketako aberats kristau integristak— gure herrira etorri eta lur gehiena erosiko balute, mugarik gabe, luxuzko spa-txaletak edo haien proiektu faraonikoak eraikitzeko? Herriko lur onena jabe bakar batzuen eskuetan egongo litzateke. Beraiek baldintzatuko lituzkete herri horren garapen eredua, bizikidetza eta ekonomia mota. De facto, beraiek erabakiko lukete bertako herritarren bizimodua zein izango litzatekeen. Horren aldekoak izango ginateke?
Darwin eta gu
'Aire delizius huntan'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu