Pastor
Darwin eta gu

Arnaldoren liburua

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal mendizaleak lehenengo aldiz Everestera igo zirenean, munduko mendi altuenaren konkistari buruzko liburua idatzi zuen Felipe Uriartek, espedizio hartako kideak. Liburuaren jatorrizko bertsioa espainolez sortua zen, baina mendizaleek Joxean Artzerekin hitz egin zuten lana euskaratu eta Euskal Herriko berezko hizkuntzan kaleratzeko lehendabizi. Esan eta egin. Artzeren itzulpena Buru ilhun lurruntsua: euskaldunak Everest mendian izenaz heldu zen liburu-dendetara, 1981. urtean. Euskaraz. Espainolezko bertsioa handik hiru hilabetera edo argitaratu zuten. Euskaldunok Himalaian bizitako epopeiaren berri izan nahi zuen jendea irakurtzeko irrikaz zegoen, eta liburua erosi zuen. Euskaraz ozta-ozta moldatzen zenik ere izan zen erosle horien artean. Ezin hiru hilabete itxaron erdaraz irakurtzeko.

Mendizaleen adibidea aipatu dit lagun batek Arnaldo Otegirekin egindako elkarrizketa liburuaren harira. El tiempo de las luces liburua ostiralean, hilak 28, kaleratuko da. Euskarazko bertsioa azaroan argitaratuko dute. Bata, hauteskundeen aurretik; bestea, Durangoko Azokaren bezperan. Kasualitatea ote? Mendizaleek erabaki irmoa hartu zuten euskararen alde egiteko duela 31 urte. Modu eredugarrian jokatu zuten. Hiru hamarkada geroago gure politikariek badute norengandik ikasi.

Gipuzkoako herri euskaldun bateko Eroski Centerrera erostera joaten naizenean bozgorailuak errealitatearen berri ematen dit astero: «Señores clientes, aprovechen la oportunidad: hoy, comprando una botella de aceite de oliva, pueden llevarse otra a mitad de precio». Jarraian mezu bera euskaraz entzuten dudanean hauxe galdetzen diot neure buruari: zergatik ez dute lehenago euskaraz esaten eta gero erdaraz? Zergatik euskaldunok bigarren lekuan beti, atzean? Berdin sentitu dut Otegiren liburuaren inguruan. Pena, amorrua. Gero besteak dira —espainolak edo frantsesak— euskara baztertzen dutenak. Gero kexatu egingo gara euskara ez dakit non ofiziala ez delako. Besteei eskatu, bai, guk geuk betetzen ez duguna.

Jakina da kartzelan egoteak ez duela errazten halako liburu bat ateratzea. Egoera zail horrek arazoak baino ez ditu ekartzen, baina horrek ez du justifikatzen lana erdaraz kaleratzea. Beste arlo batzuetan hainbestetan aipatzen den benetako borondate politikoa euskararen arloan ere izan balitz, modua bilatuko zuten liburu hori euskaraz argitaratzeko lehenik. Edo, besterik ez bada ere, bi (edo hiru) hizkuntzatan, leku, egun eta ordu berean. Harrigarria da 2012an, Euskal Herrian ilusio politikoa hedatzen ari den aroan, ezker abertzaleak kasu honetan hizkuntza praxi politikoaren ardatzean jarri ez izana. Zertarako bultzatu gero Zatoz euskaltegira bezalako kanpainak, praktikan bigarren mailako komunikazio tresnatzat jotzen badugu euskara? Euskara «ohiko eta lehentasunezko hizkuntza» izatea du helburu EH Bildu koalizioak, baina ezker abertzaleak, Otegiren liburuaren kasuan, ez dio lehentasunik eman euskarari.

Ezker abertzaleak jakingo du zergatik behartu nahi gaituen Otegiren iritziak interesgarritzat jotzen ditugun euskaldunok erdaraz irakurtzera, zergatik jo gaituen bigarren mailako herritartzat. Euskaldunok bi hilabete pasatu beharko ditugu Otegiren hitzak euskaraz irakurtzeko ala orain erosi beharko dugu liburua, bizitzen ari garen momentu politikoaren gakoak erdaraz ulertzeko? Durangon ere erosi beharko dugu liburua, euskararen aldeko militantziaren izenean? Ezker abertzaleak jakingo du zergatik argitaratuko duen liburua erdaraz; Otegik jakingo du, espetxeko egoerak ezertan ere laguntzen ez duela aitortuta ere, zergatik onartu duen hori hala izatea. El tiempo de las luces liburuak datorren astean ikusiko du argia. Argien garaia, baina, oraindik ez zaio iritsi euskarari. Euskarak ilunpetan segitzen du. Hura maite eta urteetan lan eskerga egin dutenek halako kasuetan bazterrean uzten badute, zer espero dezakegu besteengandik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.