Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak. Analisia

Aro berriko abiapuntua

Pello Urzelai.
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzeko hauteskundeetan hasi zen irudikatzen garai berriko mapa politikoa Hego Euskal Herrian. Espainiako Gorteetarako hauteskundeek—ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri ondorengo lehen hauteskundeek— berretsi dituzte duela sei hilabeteko joerak. Batetik, lau indar nagusiren inguruan egituratzen da mapa politikoa: EAJ, Amaiur, PP-UPN eta PSE-PSN. Laurek hirurehun mila boto inguru lortu dituzte. Bestetik, oreka berria indar abertzaleen alde lerratu da oraingoan ere. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan direla kontuan izanda (hau da, arerioaren jokalekuan, eta bipartidismoaren legepean), EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik oso emaitza onak eskuratu dituzte. Aulki banaketa, berez, nahiko adierazkorra da: 13/10.

Abertzaleen eremuan zein espainolisten eremuan lehia izan da. Abertzaleen artean, ez da kalteturik suertatu, biek froga ongi gailendu dute. Dena den ñabardura batzuk egin daitezke. Araban, hirugarren indarra Amaiur bilakatu da, EAJri lehen aldiz historian aurrea hartuz. Nafarroan, Amaiur Geroa Bairen aurretik gelditu da, baina ez aurreikusten zen aldearekin, Uxue Barkosen arrakastaren eraginez. PP eta PSOEren eremuan, alderdi sozialistak Arabako lehen posizioa galdu arren, beste lurraldeetan eutsi dio orain arteko orekari. Hala ere, beheranzko joera nabarmena erakutsi du.

Azaroaren 20ko argazkiak ez du luze iraungo aldatu gabe, garai berri baten abiapuntua delako. Batetik, bake, konponbide eta normalizazioaren garaiaren hasiera, eta, bestetik, PPren agintaldi berriaren hasiera. Garai berri honetan, PPri, Espainiako Gobernua gehiengo osoz eskuratuta, kudeatzeko ardura berezia egokitu zaio. Halaber, Madrilen zazpi diputatuk osatutako talde parlamentarioa izango duen Amaiurrek, eta, berarekin batera, instituzio garrantzitsuak gobernatzen dituen Bilduk eta konponbide prozesuan ardura handia duen ezker abertzaleak protagonismo berezia izango dute garai berri honetan. Aurrera begira, bi indar hauek (PPk eta Amaiurrek) beste biek baino gehiago daukate irabazteko Euskal Herrian. Haiena da multzo bakoitzaren barruan norabidea eta ildoa markatzeko aukera.

Hemendik aurrera, Madrilgo Kongresuan politika egiteko modua diferente izango da. EAJk ezin izango du orain arte egin duen kudeaketari eutsi: batetik, PPk gehiengo osoa eskuratu duelako (beraz, EAJren diputatuen balioa askoz gutxiago izango da), eta, bestetik, ondoan, parez pare (bi diputatu gehiagorekin), Amaiur izango duelako, Euskal Herriaren herri eskubideak aldarrikatzen eta Estatuari joko arau berriak proposatzen.

Abertzaleen artean, indarrak biltzeko aukerak zabalduko dira,orain arte eman ez diren aukera berriak. Espainiako Kongresuan abertzaleen pisuak matematikoki ez du eragin handirik izango, baina Euskal Herritik begiratuta bai, balio sinbolikoa duelako.

Garai berri honetan, iraganeko salbuespeneko legeekin osatutako instituzioak —Eusko Legebiltzarra eta Jaurlaritza— berritzea falta da. Premiazko zeregina da ikuspuntu demokratikotik. Bi indar abertzaleak —EAJ eta Amaiur— parez pare daude eta lehia bizia izango da bien artean lema hartzeko, baina funtsezkoena norabidea zehaztea da. Herri baten geroa jokoan izango baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.