Gaur iluntzean amaituko dute hauteskunde kanpaina alderdi politikoek. Gaur iluntzea dute azken aukera zalantzan diren herritarrak konbentzitzeko, etxean geratzea edo egingo duen eguraldi gozoaz gozatzea erabaki dutenei botoa ematera joateko tartetxo bat har dezaten bultzatzeko.
Gaurko mezuak izango dira biharko gogoeta egunerako herritarrei iritsiko zaizkien azkenak, eta irudiak ere balio duenez, ekitaldi jendetsuak antolatu dituzte iluntzerako.
Inkestei kasu egitera, lehia estua izango da nagusigoa lortzeko, baita azken diputatuak eskuratzeko ere. Bi faktore horiek bultzatuta, azken aste honetan ugaritu egin dira «boto baliagarriaren» mezuak. Boto baliagarriaren ehizan, azken egunetako mezuei beste bat erantsi diete alderdi gehienek, eta norabide berean, Amaiurren mamua haizatuz. Deigarria da alderdi guztiek kanpaina hastearekin batera Amaiurri «kanpaina ez egitea» erabaki zutela esatea, eta azken txanpan gaiari indarrarekin heltzea; alegia, maiatzean Bildurekin egin zutenaren kontrako estrategia erabiltzea. Atzo, EAJk (Urkullu, Erkoreka, Olabarria) eta PPk (Basagoiti eta Mayor Oreja) gogor ekin zioten, baina sozialisten artean ere izan zen koalizioaren aurka ekin zionik: Jose Bono.
Jokoan asko dute hauteskunde hauek Espainiaren klabean hartu dituztenek zein hurrengo bozei begira «tarteko helmuga» gisa planteatu dituztenek.
PPk PSE gailendu nahi du EAEn, eta bide batez Hego Euskal Herrian nagusi izan, aintzat hartzen ez duen errealitatea izan arren, behin baino gehiagotan nabarmendu izan baitute hori nagusi izan direnean.
PSEk badaki ezingo dituela duela lau urteko emaitzak lortu, baina ez du estatuan sozialistei iragarri dieten porrota jasan nahi; PPk EAEn aurrea hartzea, berriz, oso arriskutsua litzateke Patxi Lopezen gobernuarentzat.
EAJk talde parlamentarioari eutsi nahi dio, Espainian «eragiteko», baina Amaiurren aurretik geratzea ere badu xede, abertzaleen hegemoniari eusteko. Biak zail ditu diputatuen banaketan; boto kopuruan Nafarroako emaitzek izango dute zeresan handia.
Amaiurrek, berriz, maiatzeko Bilduren emaitzak gainditzea dauka erronkatzat, eta koalizioan alderdi bat gehiago edukita, lorgarri litzateke. Horrek talde parlamentarioa ziurtatuko lioke, eta EAJren hegemonia zalantzan jarriko luke.
Lau alderdi horiez gain, Geroa Bai eta Ezkerra daude Nafarroako azken diputatua eskuratzeko aukera apurrekin. Inkesta bakar batek aipatu badu ere, horri eusten diote biek, euren balizko boto-emaileak «aukera baliagarri» baten bila joan ez daitezen.
Jakina da, alderdi guztiek ez dituzte beteko boz hauetan jarritako helburuak. Baina porrot horiek igande gauean ahaleginduko dira zuritzen. Gaurkoan ez, gaurkoan azken mezuak, azken itxaropenak, azken ahaleginak xahutuko dituzte, azkenak konbentzitzeko, inor etxean gera ez dadin ahalegintzeko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
Azkenak konbentzitzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu