Pastor
Darwin eta gu

Barcinaren aitona

2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Yo ya no soy vasca, pero mi abuelo sí que era vasco.¡Hablaba un vasco más cantarín!». Hitz horiekin, eta penaz, mintzatu zitzaigun behin, Eugin, lagun nafar baten ama, euskaraz ez zekiela azaltzean. Andreak Esteribarko Ibarrekoak zituen arbaso guztiak; abizenak ere euskaldunak eta, hala ere, no vasca-tzat jotzen zuen bere burua. Ez zekien euskaraz, ez zen euskalduna, ergo ez zen vasca.

Emakume hura ez zen bereziki abertzalea, baina modu naturalean eusten zion antzinako euskaldunen hizkuntz komunitatearen kontzeptuari: argi zuen euskararik gabe ez zela vasca. Haren ustez, vasco izatea euskalduna izatea zen, hizkuntzaren jabe izatea. Gutako askoren ustez, guztiz ilogikoa da hori: haren aitona-amonak vascos baldin baziren, eta gurasoak ere Esteribarkoak bazituen, zergatik ez zen izango bera, ba, vasca? Jadanik euskalduna ez zelako. Haren ustez, ilogikoa gurea izango zen: batek bere buruari vasco deitzea, euskaraz jakin gabe, hau, da euskalduna izan gabe.

Euskaradunak eta beste neologismo horiek geroko belaunaldiek asmatuko genituen, gizabanakoaren arloan euskalduna eta vasco hitzak berdindu genituenean, hizkuntzaren eremuan. Galdera honi erantzun beharrean izan ginenean: orduan denak bagara euskaldunak —baita euskal herritar erdaldunak ere—, nola deituko diegu, ba, euskaraz dakitenei? Eta baten bati zorioneko hitza bururatu zitzaion: euskaradunak. Ez zuen ezer berririk aurkitu, euskaradunak euskara dutenak baitira. Euskaldunak, azken batean. Ez zuen ezer berririk aurkitu, baina egungo joera egiten lagundu zuen: gaur euskaraz ez dakien euskal herritar batek «yo soy euskaldún» esan dezake lasai asko. Mutur batetik beste batera pasatu gara. Emakume nafar haren arabera, euskaraz ez zekiena ez zen vasco. Orain, gero eta lagun gehiagoren ustez, pertsona bat euskaraz jakin gabe ere da euskalduna.

Nafarroan, onerako edo txarrerako, inon baino hobeto lotu zaio euskalduntasunaren kontzeptua hizkuntzaren ezagutzari. Eugiko andre hura dugu adibide. Gure EAE euskotarrean beste era batera estali izan ditugu geure gabeziak: «Yo no, pero mi aitite sí que sabía euskera, lo que pasa es que lo perdió cuando vino del baserri a Bilbao, con tanto maketo al lao». Nafarroan inon baino argiago ikusi da hizkuntza desagertzeak herri baten nortasunari egiten dion kaltea, eta hori erabili dute espainiartzeko. Ekuazioa argia da: euskara ezabatu eta euskaldun edo vasco-en komunitateko kidea izatearen sentimendua ere joango da. Mendeetako politika izan da Nafarroan. Egun bere horretan dirau politika horrek.

Aste honetan euskara, lingua navarrorum hura, sustatu egin behar duela gogorarazi behar izan diote Nafarroako Gobernuari Europatik. Berriro. Nafarroako euskaldunen eskubideak errespetatu, eguneroko bizitzaren arlo guztietan. Zenbait nafar espainol eskuindarrek, hala ere, kasurik ez. Haientzat,jasan beharreko anomalia da euskara, eta euskaldunak, herritar negarti nekagarriak, beti kexatzen ari direnak: «Ya no les clavamos el compás en la lengua cuando hablan vascuence en la escuela, y encima se quejan...». Bai, beste garai batean bizi gara: ez gaude 70eko hamarkadan eta Urdiaingo umeak hobeto moldatzen dira orain erdaraz. Eta ez EITBri esker, prezisamente...

Europari erantzunez, Barcina andereak atzo bertan esan zuen Euskal Telebista Nafarroan ikusi ahal izateak dakarren kostua Eusko Jaurlaritzak ordaindu behar duela. Eta Euskalerria irratia lizentziarik gabe egotea ez dela ilegala. Zer da legezkoa? Zugarramurdiko kobazuloetako azken bazterretan Radio Maria Euskalerria irratia baino hobeto entzutea legezkoa izango da, haien ustez. Morala ere badela pentsatuko du batek baino gehiagok: hobe antzinako akelarretan lizunkerian jarduten zuten basapiztien ondorengoen belarriak moral katoliko estuenaren dotrinaz zapaltzea, haien arbasoen mintzairaren soinuaz gozatzea baino.

Zer hizkuntzatan kantatzen zuen Barcinaren aitonak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.