Atera papera eta arkatzak!», agindu du zakar, atetik sartu orduko, on Basagoiti jaun zimurrak. Sotanarik ez daraman arren, belea bera baino ilunago eta lepazurrun ageri ohi da beti, aspaldi honetan areago, gelako lau pareten artean setiatutako hanka gorriek errespetua nori zor dioten garbi izan dezaten. «Gaur geure Etxea irudikatuko dugu —Cara al sol kantatzeko zorian balego bezala tente— guztiok babesten gaituena, handia, bat eta bakarra. Jakina, konstituzioa».
Airean eta botean ekin diote denek lanari, ehun metroko lasterketa irabazi nahi duenak nola, ebatziko duten ariketak tranpa non ote duen zehazki konprenitu ez duten arren. Lauki hori bat, eta haren gainean hiruki gorria, aise paratu dute gehienek. Hortik aurrera komeriak. Eskuak bizkarrean bilduta, paseoan ari da belea, mahaiek osatzen dituzten lerroen artean gora eta behera, etsenplu ona behar duenari urririk emateko prest. Ez du, ordea, gustuko panoramarik luze-zabalean. Batek leiho zabalegiak, besteak pareta okerrak, hangoak tximinia luzeegia. Naifegia. Koloretsuegia. Kaskarrekoka hasi da, ikasleen abilezia eskasak amorratuta. Burutik behera emango lieke denei, salbu eta Quiroga ikasle txit prestuari. Hark salatuta jakin du, hain zuzen, atzeko lerroko artaburuak izan duen ausardiaren berri.
—Demonio Arraioa! —egin dio garrasi, belarria mizpira bezala jartzen dion bitartean. —Zer da zuri gorri berdez margotu duzun ate zikin hori?!
—Euspaña da, jauna —mizpirondotik erori berriak, hondamenditik salbatuko duen azken miraria izan litekeen esperantzan—. Euskañolak giltzatzeko baliatuko dugun gelaren sarbidea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Boto-prontoan
'El florido pensil'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu