Pastor
Darwin eta gu

Eskerrik asko aldez aurretik

2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urtearen amaierarekin batera hitz debekatuen zerrenda kaleratu du Michigango Lake Unibertsitateak (AEB). Azken 37 urteotako ohitura honekin, erabiliaren erabiliz benetako esanahia galtzen ari diren hitzak edo esamoldeak baztertzea proposatzen dute mundu osoko ingeles hiztunek. 2011ko zerrenda osatzeko prozesuan milaka lagunek hartu dute parte. Hona hemen debekatutako hitz batzuk: amazing(zoragarria)—«gaur dena da zoragarria», argudiatu dute horretarako— ; shared sacrifice (sakrifizio partekatua)—«normalean, sakrifizioa partekatzeko eskatzen badizute, zure bizkar utziko dute sakrifizio osoa»— eta thanks in advance (eskerrik asko aldez aurretik) —«eskerrak aldez aurretik ematen badizkizute, zerbait egitera behartu nahi zaituzte, zu zor moraletan utzita»—.

Hitzak debekatzeko agindua txantxetakoa da Michiganen. Beste leku eta kasu batzuetan, ordea, ez. Grande-Marlaska epaileak 2012ko hitz eta lelo debekatuen zerrenda osatu du. Horren arabera, gaur Bilbon egingo den manifestazioan zer esan eta zer ez zehaztu du: zeintzuk preso askatzeko eskatu eta zeintzuk ez; ez da zilegi amnistia aldarrikatzea; ezin argazkirik erakutsi; ezin elkartasunik adierazi... Antolatzaileek manifestazio isila egitea erabaki dute azkenean, horixe baita modurik onena ekitaldia arazorik gabe egiteko. Ez da lehen aldia izango, herritarrek kalera halako baldintzetan irten behar dutena, eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Hurrengorako, baina, proposamen bat: manifestazio isila barik, manifestazio isilarazia egitea. Milaka herritar isilek irudi esanguratsua hedatzen dute, baina eragin askoz ere handiagoa izango luke herritar horiek guztiok ahoan esparatrapua itsatsita izango balute. Orduan bai izango litzateke manifestazioa benetan isila akustikaren aldetik—ez hots, ez ahots, ez harrabots —; orduan bai, mezu benetan zuzen eta zirraragarria.

Ertzaintzari argi ibiltzeko eskatu dio epaileak, eta manifestazioaren kontra egiteko, jarritako baldintza horiek betetzen ez badira. Israelgo eta Alemaniako poliziek omen dituzte munduko segurtasun eta kontrol sistema eraginkorrenak. Ertzaintzan aspaldidanik dute aditu horien berri. Batek daki Ares jaunaren neska-mutilak ez ote diren jadanik baliatuko Alemanian erabiltzen ari diren teknikaz: die stille SMS, hau da, SMS isila. Poliziak mezua bidaltzen du herritar susmagarri baten sakelakora, baina hura ez zaio hartzaileari agertzen. Mezua ez da existitu ere egiten erabiltzailearen begien aurrean, isila da, baina telefonoak operadorearen sareak hurbilen duen gelaxkarekin bat egiten du, eta bidalketa erregistratu egiten da. Delitu kasuetan, erregistratutako datuak eskatzen dizkio Poliziak telefono konpainiari, susmagarriaren mugikorra leku jakin batean ote zegoen jakiteko. Ipar Renania-Westfalia land edo estatuko Poliziak 255.000 mezu isil bidali zituen 2010ean, asteon jakinarazi dutenez. Alemanian 16 land daude guztira. Atera kontuak, zenbat mezu isil bidaltzen dituzten urtean.

Susmagarriak kontrolatu nahi dituzte. Susmagarria nor den eta zergatik, horixe galdera. Delituaren definizioa ere bai. Laster, galdeketetan, poliziek ez dute jakin nahi izango herritar batek zer egin zuen egun jakin batean, telefonoa non zuen baizik. Horretarako pantailan agertuko ez den mezua igorriko dio susmagarriari, eta kito. Gaurko manifestazioari dagokionez, galdera ez litzateke izango larunbatean non egon zinen, herritar susmagarri hori, urtarrilaren 7ko arratsaldeko bostak eta hamarrean, seietan edo zazpiak hogei gutxiagotan zure sakelako telefonoa non zegoen baizik. Batez ere, baten batek, deskuiduan, Grande-Marlaska jaunak gustuko ez duen zerbait esan edo eginez gero. Baina lasai: antolatzaileek adierazi dute ez dutela emango mobilizazioa indargabetzeko aitzakiarik. «Historikoa» izango da. Eskerrik asko aldez aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.