Euskara ez zuen ama hizkuntza Inma Gomilak (Bilbo, 1957). Unibertsitatean Ekonomia ikasketak egiten ari zela ikasi zuen, eta erabat harrapatu zuen. «Ez ama eta ez aita ere ez ziren euskal hiztunak. Baina berak ikasi egin zuen, eta primeran hitz egiten zuen», dio Pello Zubiriak, Argia aldizkariko zuzendari izandakoak. Gomila herenegun iluntzean zendu zen, gaixotasun larri baten ondorioz. «Kemen handiko emakumea zen, zirt edo zart egiten zuena».
Zubiria eta Gomila batera aritu ziren Argia aldizkaria eta Euskaldunon Egunkaria sortzeko taldeetan. «Adore ikaragarria zuen. Kudeaketan beti defendatu zituen ideia ezkertiarrak. Emakumearen eskubideen defentsa tinkoa ere egiten zuen», gogorarazi du Zubiriak.
Egunkariaixteko polizia operazioan atxilotu zuten, 2003ko otsailaren 20an. Bost egunez inkomunikatuta egon ondoren, bermea ordainduta utzi zuten aske. «Gorriak pasatu zituen. Operazio hartan atxilotu zuten emakume bakarra izan zen, eta nik entzun nuen emakume izateagatik guardia zibilek nola umiliatzen zuten». Epaiketa aurretik, bertan behera utzi zuten haren aurkako akusazioa.
Azken urtean gaixotasunari aurre egiten aritu da buru belarri, eta familiaz arduratzen. Bi seme-alaba zituen. «Dena den, gaurkotasuna ere jarraitzen zuen, eta itxaropenez bizi izan du garai berri hau».
Egun Urruñan (Lapurdi) bizi zen. Hango ikastolaren sortzaileetako bat ere izan zen. Haren aldeko hileta gaur izango da, 13:15ean, Errenteriako Zentolengo beilategian (Gipuzkoa). •
Hilberria. Inma Gomila
Euskaltzalea eta ezkertiarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu