Pastor
Darwin eta gu

«Exiliatuen» meloia

2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Berlinen izan zen. Erosketak egitera joan ginen kaleko merkatu batera. Meloia hartu nuen eskuetan, helduta ote zegoen ikusteko. Itxura ona zuen, eta lagun batek erosteko esan zuen. Halako batean, saltokiko emakumeak, gugana hurbildu, eta meloia kendu zigun eskuetatik, oso modu txarrean. «Espainiatik bota gintuzuen. Alde hemendik», esan zigun erdara garbian. Hizkuntzak nola markatzen gaituen. Espainolez ari ginen, eta espainoltzat jo gintuen. Emakume sefardita zen, Fernando Faltsutzaileak 1492an kanporatutako juduen ondorengoa. Espainiak jazarri eta botatako exiliatu haien urruneko senideren batzuen gorrotoak bizirik segitu du mendez mende.

Aste honetan, beste exiliatu batzuen gaia azaleratu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. ETAren indarkeriaren ondorioz Euskal Herritik alde egin zutenek gurean botoa emateko eskubidea izango omen dute. Horretarako baldintzak: Euskal Herrian bost urtean erroldatuta egon eta presio terroristaren ondorioz alde egin izana. Proposamen horren atzean bozei eragiteko asmorik ez dagoela adierazi du ministroak: «Hurrengo belaunaldiak izan ditugu gogoan, ez hurrengo hauteskundeak».

Ukaezina da ETAren jardueraren ondorioz jendeak alde egin duela Euskal Herritik. Baina zenbat izan dira? Areago: nola frogatu terroristen presioa? Oso subjektiboa da hori. Juduen kasuetan ez bezala, hemen ez zen dekreturik onartu jendea kanporatzeko. Demagun Euskal Herrian 30 urtean bizi izandako pertsona bat Espainiako jaioterrira itzuli dela. Demagun botoa eman nahi duela Hegoaldean. Nola justifikatuko du terroristen presioa? Bere kontrako zuzeneko erasoaren berri eman beharko du edo nahikoa izango da adieraztea urteroko jaietan kalean ikusten zituen presoen aldeko pankartek zorabioa eragiten ziotela? Bestalde, zer esan nahi du ministroak «hurrengo belaunaldiak» aipatzen dituenean? Iparraldeko sindromeak jotako polizia baten seme-alabek hemen bozkatzeko eskubidea izango dutela, haien aita Gipuzkoako errepideetan kontrolak jartzen ibili zelako bost urtean? Trantsizioko lehen urteetan Nafarroako herri bateko plazan ikurrinak ez jartzeko zelatatzen zuen guardia zibil zaharraren bilobek eskubide hori izango dutela, aitatxi, barkatu, abuelitoaren kuartelaren ondoan bizi zirelako txikitan?

Bozkatzeko eskubidea estatukidetasunak ematen du. Eta bozkatzeko lekua, erroldak. Legez inor ezin da egon estatu berean bi lekutan erroldatuta. Iruzurra da, eta ezina. Bilbon jardundako polizia bat orain Sevillan bizi eta erroldatua bada, Sevillan bozkatzen du, ez Bilbon. Bilbon bizi den ertzain batek bertan ematen du botoa, ez Sevillan. Estatukidetasun bera dute biek, baina bata han erroldatuta dago, eta bestea hemen. Espainiar batek ezin du Avilan eta Segovian bozkatu. Bada salbuespenik, pertsona hori atzerrian bizi denean: Belgikan erroldatuta egon arren, Avilako herritar batek Espainian bozkatu ahal du, atzerrian dagoelako. Hortik begiratuta, PPren asmoak badu alde positiborik: Euskal Herria ez dela Espainia onartzea. Espainian erroldatuta daudenak gure atzerrian bizi direla, alegia.

Exiliatuek Espainian erroldatuta segitu nahi badute, eta Euskal Herrian bozkatu, bada erdibideko konponbiderik: Iparraldean erroldatzea. Horrela atzerrian egongo lirateke erroldatuta espainiarren ikuspegitik, eta Euskal Herrian gure ikuspegitik. Denak kontent, denak huros, baldin eta, exiliatu horiek ez ezik, Iparraldean bizi diren herritar guztiek ere aukera balute EAEko hauteskundeetan bozkatzeko. Azken batean, boz horien emaitzek haiei ere eragiten diete Herri Urrats edo euskal irratientzako diru laguntzak erabakitzen direnean. Zentzuzkoena izan liteke, Madrilek arazorik ez izateko: Israelek Espainiako hauteskunde legea aldatzeko asmoen berri badu, kapaz da sefarditek Gaztela-Mantxako bozetan bozkatzeko eskatzeko. Aurreko belaunaldiak, Toledoko sinagoga eta Berlingo emakume sefardita gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.