Hiru urteko hitzarmena amaiturik dagoelarik negoziazioetan segitzea nahi du Frantziako Hezkuntzak. Uda tartean egoteak ez du trabarik eragiten, omen. Udazkenean eginen dituzte udaberriko lanak. Denbora eskatzen du Akademia ikuskariak, Parisko gobernua plantan ezartzeko denbora. Anartean, segurtamenik ez eta ikastolek orain arteko egoera prekarioan segitu beharko dute. Parisen egindako kontuek sekula ez dute ikastolen beharra asetzen. Bide horretatik, orain arteko sisteman, euskararen garapena, hezkuntza arloan ere, taloen salmentan oinarritzen da, hitzarmenetan bezainbat.
Parisko gobernu berria eta presidente berria plantan ezarri baino lehen, gogoeta sakona abiatu zen Ipar Euskal Herrian. Berrikitan aurkeztu dute horren emaitza Paxkal Indo Seaskako lehendakariak eta Max Brisson EEPko presidente ohiak. Euskararen geroa lurralde elkargo baten sorrerari datxekio, haien iritziz. Frantziako Hezkuntzak irakasle postuak adjudikatzeko eskumenei uko egin eta bertako eragileekin batera osatu batzorde batek hartu beharko luke erabakia. Gurasoen eskaeran oinarritzen den sistema baztertu eta eskaintza orokortzea hobesten dute. Lurralde elkargoaren sorrerarekin batera, euskarari «koofizialtasun» estatusa emango liokete euskarari.
Garapen kontseiluaren gogoetak argi erakutsi ditu EEPren mugak. EEPko presidente ohiak kargua utzi bezain laster ohar hori egitea bada marka. Marka den bezala ez jakitea oraindik EEPko presidente Frantxua Maitiak gogoeta hori bereganatzen duen edo ez. Onartzen badu, argi erakutsiko du hizkuntza politikak, eraginkorra izateko, bertze lege koadro bat behar duela, bertze egitura batzuk.EEP bera ere Frantziako erakundeek osatzen duten «elkartea» baino ez da juridikoki. Ez du erabakitzeko eskumenik, ez du finkatzen aurrekontua, ez da beharretatik abiatzen. Maitiak gogoeta hori onartzen ez badu, EEPren eta euskalgintzako gizarte eragileen arteko amildegi sakona irekiko da.
Euskal Herritik beharren araberako gogoeta zabaltzen eta sakontzen delarik, Parisek denbora eskatzen du. Denbora, aldaketak egiteko goi mailan. Iraila ate-joka dator, ordea. Lau irakasle gehiago onartu beharrean hamar onartuko balitu ere, motz geldituko litzateke Akademia ikuskaria. Motz geldituko diren bezala Frantziako Parlamentuan dauden hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamenak. Frantziak ulertu behar du, Euskal Herriari eta euskarari dagokionez, ezin dela bizi Kanaria uharteetako tenorean: beti berandu eta gizartearen nahi eta beharren gibeletik. Ez da Seaska larrialdi deiadarra egiten duen herri mugimendu bakarra. Borondatea irakurtzeko bi era daude: azken hamarkada luzeetan, euskararen aldeko lan eskerga egin duten herri mugimenduena, eta Parisek erakutsitakoa. Ordularia tenorean jarri behar dela ulertu behar du Hollandek.
Analisia
Frantziako hezkuntza, berandu eta gibeletik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu