Joanmari Larrarte.
BERRIA Taldea. Akziodunen batzarra. Gutuna

Garai zailak, neurri gogorrak: etorkizuna ziurtatzeko

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Euskal herritar askoren borondateari eta lanari esker 1990ean Egunkaria abiatu zenetik, urrats handiak egin dira, eta lortutakoa ez da makala izan. Espainiako epaitegien bidegabekerien gainetik ere —bide batez, gogora dezagun oraindik batzuk epaiketa zain daudela, bigarren sumarioa ez delako itxi, eta ea bukatzen den behingoz!—, eguneroko informazio orokorreko egunkari sendo bat daukagu, eta astean sei egunetan iristen da kiosko eta etxeetara. Hasierako proiektu hura poliki-poliki eta zailtasunen gainetik indartuz joan zen, eta 2003an BERRIA eratu zenetik gauza bera: gero eta jende gehiagorengana iristen gara. CIESen arabera, paperean 60.000 irakurle ditugu egunean; sareko neurtzaileen arabera, sarean 20.000 irakurle egunean eta 150.000 bisitaritik gora hilean.

Interneten sorrerarekin hedabideek derrigortuta ikusi dute bere burua egokitzapenak egitera. BERRIA Taldeak aldaketetara moldatzeko eskaintzak plazaratu ditu: batetik, informazio produktuak sarean jarriz, eta, bestetik, beste hedabide batzuen sorreran parte hartuz, hala nola tokiko hedabideetan (eskualdeetako Hitza-k), aldizkarietan eta telebistetan. Horrez gain, euskarazko hedabideentzat egokitutako zerbitzu sarea antolatzea lortu da, banaketa, inprimatzea eta abar eratuz.

Denok bizi ditugu garai zailak krisiaren eraginez, eta prentsak inoizko zailtasunik handienak ditu. Ez dago hango eta hemengo berriak ikusi besterik. Eta giro horretan, BERRIA Taldea ere larri dabil azken urteetan. Paradoxikoa bada ere, inoiz izandako irakurle eta jarraitzaile gehien ditugunean ditugu arazo handienak diru sarrerekin. Zailtasun horiek zertan diren eta aurre egiteko zertan ari garen azaldu nahi diegu gure irakurleei, idatzi honekin.

Internetek guztion bizitzetara ekarri ditu aldaketak, eta horien artean komunikazio eta informazio bideen aldaketak daude: informazioaren berehalakotasuna ekarri du berrien ekoizpenean eta kontsumoan, eta, halaber, informazioa eskuratzeko doako bidea. Hedabide tradizionalen negozio eredua kolokan dago: salmentek behera egin dute eta publizitate fakturazioa ere jaisten ari da —azken hori ere Internetera bideratzen ari delako, baina bereziki krisi ekonomikoaren eraginez—.

Egoera ekonomikoa

BERRIA Taldean gisa berean bizi izan dugu egoera. Salmentek behera egin dute, ez kopuru handitan, baina bai etengabe. Harpidedun kopurua jaitsi egin da; egun 9.000 ditugu, duela bost urte baino %10 gutxiago. Publizitate fakturazioari dagokionez, 2008tik hona jaitsiera handia izan dugu: 2009 eta 2010 artean %33 jaitsi zen, beraz, 1.400.000 euro gutxiago sartu ziren. 2011n ez ziren jaitsi aurreko urteko kopuruak, baina 2012an berriro oso nabarmen egin du behera, eta lehen bost hilabeteetan iaz baino %25 gutxiago sartu da publizitate bidetik —alegia, 200.000 euro gutxiago—. Gainera, 2012an Eusko Jaurlaritzak hedabideetara bideraturako dirua %10 gutxitu du, eta guk ere, diru laguntzen kontzeptuan, gutxiago jasoko dugu.

2008tik zetorren diru sarreren jaitsiera kontuan hartuta, hainbat zerbitzu hedatu eta diru sarrera berriak lortzera bideratu ditugu ahaleginak, helburu bikoitzarekin: batetik, sarrerak handitzea; bestetik, hainbat eremutan dagoen lan jaitsierari aurre egiteko (banaketan, adibidez), lan berriak bilatu eta lanpostuei eustea. Horietako ekimen batzuetan, merkatuan leku bat egiten ari gara eta lan berriak erakartzen; baina, beste batzuetan, lortu den lan bolumena ez da nahikoa egiturari eusteko. Dudarik gabe, krisi ekonomikoak zaildu egin dizkigu gauzak, eta, esate baterako, 2012an galerak zetozela aurreikusita, atzera egin dugu mezularitzan egindako bidean: horrek ekarri du banaketa enpresako hamalau langile lanik gabe geratzea.

Proposamena

2012. urte hasiera oso beltza izan da, eta zer egin izan da gure buruhaustea azken hilabeteetan. Hiru mailatan oinarritutako proposamena landu dugu zuzendaritzan:

• BERRIA egunkariari eutsi egin behar diogu egungo mailan, orrialde kopurua eta lanketa kontuan hartuta. Bakarrik asteburuetako gehigarrietan ken ditzakegu orrialde batzuk, baina oinarrian garrantzitsua da egungo eskaintzari eutsi eta digitalean are eta eskaintza zabal eta hobea egitea, etengabekoa baita irakurleen hazkundea sarean.

• Diru sarreretan eragiteko egin behar da lan, eta ekimen berri eta berritzaileak bideratzen saiatu behar da. Ikusten ari garenez, orain arte salmenta, publizitatea eta diru laguntzak izan dira ardatz, eta horiek guztiak doaz behera; hiruretan buelta ematea ekar dezaketen aukerak landu behar dira, eta bestelako bide batzuk saiatu. Iaz martxan jarri genuen BERRIAlaguna komunitatea giltzarri da proiektuak aurrera egin dezan. Euskal komunitateak sinesten du eta beharrezko ikusten du BERRIA proiektuak jarraitzea eta urrats berriak egitea: hori erakusten dute orain arte bat egin duten 3.000 lagunek. Bide horretan garrantzitsua da, oso garrantzitsua, komunitate hori handituz eta iraunkor bihurtuz joatea. BERRIAlagun bakoitzak, ekarpen txiki bat eginez, bideragarritasunean lagundu eta bideak zabalduko dizkio proiektuari.

• Hala ere, oraingo egoeran hori guztia ez da nahikoa, eta gastuak are gehiago gutxitzeko plana egin behar da derrigorrez. Horretarako hainbat neurri ez bada hartzen, proiektua zuloan sar daiteke, zorretan, eta horri buelta ematea zailagoa izango litzateke. Eta, hain zuzen, gastua kontrolatze aldera, honako proposamen hau egin dugu: hamabi lanpostu gutxitzea BERRIA Taldeko egituran (250 langile daude gaur egun taldean); 2012ko lansari bati uko egitea; eta 2013rako soldata jaitsiera bideratzea. Neurri gogorrak dira, kontuan hartuta kaleratzeak eta azken urteetan izoztuta egondako soldatak jaistea dakartelako, baina egoerak behartutakoak diru sarrerak handitzea lortzen ez dugun bitartean. Proposamen horiek guztiak lantzen ari gara BERRIA Taldeko langileon artean, eta hurrengo asteetan hartuko dira behar diren erabakiak. Erabaki adostuaren aldeko ahalegina egiten ari dira alde guztiak, eta horrek bere prozesua eskatzen du.

Eta zertarako neurri horiek guztiak? Hain zuzen ere, etorkizuna ziurtatzeko. Hedabideen munduan aldaketa handiak ari dira gertatzen, baina gu ziur gara gerora ere izango direla hedabideak; litekeena da ez izatea egun ezagutzen ditugunak, sakoneko aldaketak izatea, baina izan, izango dira, etorkizuna bada, eta hori asmatzea da erronkarik handiena. Erronka horiei behar bezala erantzuteko, eta etorkizunean ere BERRIA talde sendoa izateko ari gara egiten oraingo bidea, lantzen finantzaketa aukerak eta hartzen neurriak. Izan ere, funtzio sozial agerikoa dugu, betebehar agerikoa, hizkuntzaren garapenari eta euskaldunen komunitatearen kohesioari lotuta. Hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan eta beren ikuspegitik ikusteko eta kontatzeko beharra, eta zeregin horretan BERRIA Taldeak ezin dio hutsik egin euskal komunikateari.

Alde ekonomikotik begiratura, ez dira enpresaren garai onenak, baina BERRIA proiektua sendo dago, BERRIAk berak eta euskal hedabideek inoiz baino jarraitzaile gehiago baitituzte. Bidea samurra ez izan arren, etorkizunari itxaropenez begiratzeko aukera guztiak ditugu: gero eta gehiago izango dira euskaraz irakurtzen ohitutako euskaldunak —formatu batean zein bestean, paperean eta sarean—; inoiz baino jarraitzaile gehiago dituzte BERRIAk berak eta euskal hedabideek oro har; komunitatea sendo eratzen ari da BERRIAren inguruan; eta prestasunez ari gara garai digitaletako hedabideetara egokitzen. Eta horrekin guztiarekin, gainera, ilusioa dugu gure lanean jarraitzeko eta garai berrietara egokitzeko. Horregatik, zalantzarik gabe, etorkizuna dugu. Eta, guztion artean, aurrera egin behar dugu.

Joanmari Larrarteri egindako elkarrizketa ikusteko:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.