Hauteskundehauetako begimugetako bat, abertzale askorentzat bai behintzat, EAJ eta EH Bilduren arteko lehian zetzan.
Elkarrengandik inoiz baino gertuago geratuko zirela erraz iragar zitekeen; aldean zegoen, ordea, eztabaida. Batzuentzat, nork irabaziko zuen ere dudan egon zitekeen. Baina bi eta lauren artekoa izan zitekeen alde arrazoizkoa. Ez dira lau izan, sei baizik.
Bi-lautik seira nola igaro ote diren aztertzeak emango digu argibidea. Bizkaian historikoa da EAJk iraganeko ezker abertzaleari eta oraingo ezker abertzale berrituari ateratzen dion aldea; Bizkaia, eta Bilbo batik bat, bihurtzeraino gaur egun esparru politiko horrek daukan arazo nagusia. Oso desorekatuak dauzka emaitzak ezker abertzale berrituak herrialde horretan.
Araban, azken urte gutxiotako ustekabeari eutsiz, oso gertu dabiltza EAJ eta EH Bildu. Azaroaren 22ko hauteskundeetan, Espainiako Kongresurakoetan, EH Bildu nagusitu egin zitzaion, aurreneko aldiz EAJri, Gasteizen eta Araban. Atzokoetan ez, baina eserleku batera geratu dira ezker abertzale berritukoak.
Gipuzkoak eman dio EAJri, 2-4tik 6rako aldea. Oso berdinduta geratu dira biak, EH Bilduk irabazi duen arren. Egunean zehar, parte hartzea Gipuzkoan goraka zihoala jakin bezain pronto zabaldu zen galdera: nori egingo dio mesede Gipuzkoako parte hartze handiak? EH Bilduri egitea zaila zen, aurreko hauteskundeetan harri azpitik ere lortu zituztelako botoak Bilduk eta Amaiurrek.
Susmoa berretsi egin zen lehen emaitzak ezagututakoan, EAJri egin baitio mesede igoerak, eta bera izan da oraingo honetan botoak harri azpitik atera dituena. Non dago azalpena ordea? Gestioan? Urtebeteko gestioak eman al lezake azaltzeko EAJk EH Bilduri jan dion aldea ? Gestioaren azalpenak, gestioaren urraduraren argudioak, balio izaten du, boterean urteak, legegintzaldiak, daramatzanaren galera azaltzeko; baina ez urratuak urtebete daramanean.
Abisu batzuk hartu ditu ezker abertzale bilduak Gipuzkoan, atzoko bozetan; baita Bizkaiko herri batzuetan ere.
EAJrengandik inoiz baino gertuago egoteak sor ziezaiokeen poza, sortu beharko liokeen poza, ilun diezaiokete atzoko emaitzaren aldakietako batzuek.
Seguru aski, ezker abertzale berrituak atzo egin zuen topo, herri honetan, oraingoz, dagokion neurriarekin. Baina era berean, inoiz baino sendoago kokatu da politikaren norabide eta indarretan eragiteko orduan. Bigarrena hiru herrialdeen zenbaketan; lehena Gipuzkoan, eta bigarrena Araban eta Bizkaian.
Arnasa hartu zuen atzo EAJk, baina badaki zaila daukala EH Bildu kontuan hartu gabe inongo helbururik lortzea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Garaipen lasaia eta abisu bat baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu