Bukaresteko partida jokatu aurretik gabarra ateratzeko komenentziaz hitz egiten hasi ziren Bilbon. Egunik egokiena etzi omen zen. Halaxe izango zen, baldin eta Simeoneren hamaikakoa Bielsaren mutilei nagusitu ez balitzaie. Alabaina, batzuen ustez, gabarra noiz atera baino inportanteagoa zen gabarran nor atera. Partidaren bezperan mezu txotxoloak izan ziren sare sozialetan. Hauetako batek hauxe zioen: «Ezetz asmatu nor egongo den gabarran: Martin Garitano Bildu!». Ondoren, iruzkin kritikoak idatzi zituzten Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta gabarrari buruz. Ez zen nahikoa Garitanori bigarren abizena aldatzea eta, Larrañagaren ordez, Bildu jartzea. Batzuek ez zuten gustukoa Garitano Bildu jauna gabarran joatea. Eta halaxe azaldu zuten.
Iruzkinetan ez zegoen argi zeintzuk ziren Garitano gabarran azaltzea kritikatzeko arrazoiak: haren ildo politikoa, kargua edo hura, ustez, Athleticen zalea izatea. Martin Garitano gabarran egotea kritikatzeko arrazoi nagusia ezker abertzalearen ordezkari politikoa izatea bada, zer egingo diogu. Herri honen aniztasun politikoa behin eta berriro goraipatzen dutenek hori onartu beste erremediorik ez dute. Patxi Lopezek edo Antonio Basagoitik Athleticen garaipenak ospatzea ulertzen dutenek berdin egin beharko lukete Martin Garitanoren kasuan. Hura ere politikaria eta botere publikoaren ordezkaria delako: Gipuzkoako agintari nagusia.
Hortxe egon liteke arazoa, baina. Baliteke batzuentzat horixe izatea mingarriena: Gipuzkoako ahaldun nagusia zuri-gorrien aldekoa izatea, berdin dio zer talde politikotako kidea den. Gipuzkoar bat, Gipuzkoako agintari gorena eta... Bilbaoren aldekoa. Barkaezina, nonbait. Alde batetik pozgarria izango litzateke horixe izatea arrazoi bakarra —baikorra izan nahi nuke—; baina, beste alde batetik, tristea ere bai. Batez ere, euren burua abertzaletzat jotzen dutenek pentsatzen badute horrela. Espainiar unionista-konstituzionalisten eta frantses jakobino-erregionalisten portaeretan ulergarria izango litzateke. Kexua beste aldetik etortzea, ordea...
Izan ere, asteazkenean donostiar abertzale eta realzale amorratu bati galdetu nion ea noren alde egongo zen partidan. «Gaur, inpartzial», esan zidan. Inpartziala? Athletic eta Atletico Madrilen arteko partida batean inpartziala? Bartzelonaren aurka, tira, ulertu egingo nuke, Gipuzkoa erdia culé delako. Baina madrildarren aurka? Ez gabiltza oso ondo abertzale batek nahiago badu Madrilgo Neptuno Plaza piper-potoz josita ikusi, Bilboko Plaza Barria ikurrinez baino. Felipe Borboikoa koltxonero sutsuarekin batera ospatu besterik ez zuen behar asteazkeneko garaipena.
Hobe geundeke apur bat hausnartuko bagenu. Alde guztietatik. Bai, zeren txanponak bi alde ditu beti: zer pentsatuko lukete bizkaitar athleticzale askok inoiz Bizkaiko ahaldun nagusia realzalea balitz eta Donostiara joango balitz txuri-urdinen garaipena ospatzera? Hori ezinezkoa dela erantzungo du batek baino gehiagok. Nik gutxienez hiru bizkaitar ezagutzen ditut realzaleak direnak. Bai, ez dira asko, badakit, baina Bizkaian bozkatzeko eta aukeratuak izateko eskubidea kenduko diegu, badaezpada ere?
Munduko hainbat lekutan hautagaiek zer erlijio duten argitu behar dute bozetako kanpainan. Inor gutxi ausartzen da bere burua ateotzat jotzera, badaezpada ere. Gorrienak ere «kezka espiritualak» aitortzen ditu, basapiztia moduan ez agertzeko. Gauzak ikusita, komeniko litzateke gurean, datozen bozetan, hautagaiek esatea zer futbol talderen aldekoak diren, badaezpada ere. Hemen lasaiago onartzen baitugu lehendakaria, ahaldun nagusia edo alkatea prozesioan azaltzea, kargu ofizialaren domina paparrean, horietako batek gurea ez den futbol talde baten garaipena ospatzea baino. Hemengo eliza-erretzaile, ateo, agnostiko, fededun, elizkoi eta jainkojale guztiok erlijio bakarra dugulako: futbola. Paísss...
Darwin eta gu
Garitano gabarran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu