Saltokiaren erdian Call of Duty: Modern Warfare 3 bideo jokoaren publizitatea dago. Umeak eta helduak soldaduaren figurari begira gelditzen dira. Jendea hara eta hona doa, opariak eskuetan. Ilara luzeak daude ordaintzeko. Eguberrietako kantak entzuten dira airean, baina gerlari unibertsalaren bihotza ez da hunkitzen. Hortxe dago, tente, gu herritar koldarron alde hiltzeko prest.
Duela hamar urte, Suitzako Franz-Carl Weber jostailu enpresa handiaren buruak gerra jostailu gehiagorik ez saltzea erabaki zuen, Eguberrietako kanpaina hasi baino lehen. Zuricheko umeak ez ziren gehiago jolastuko berak saldutako alegiazko armekin. Akabo itxurazko lapur, polizia, cowboy eta soldaduak; akabo gezurrezko lapurretak eta hilketak.
Weber familiaren enpresak historia luzea du, bere web orrian ageri denez. Alemania hegoaldetik Suitzara joandako gazte batek sortu zuen, 1881ean. Bavariar hark osatutako enpresa hiru mendean garatu da, eta 130 urte ditu jadanik. Saltokiak 6.919 metro koadro ditu guztira, eta 220 enplegatu. Gerra jostailuak ez saltzeko erabakia 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz etorri zen. Ez dago argi borondatezko ekimena izan ote zen edo mugimendu bakezalearen aspaldiko presioen ondorioz. Edo enpresako administrazio kontseiluko kideek horrela jokatzea aholkatu ote zioten Weberri, taldearen izen ona gogoan.
Izan da gerra eta sarraskirik hiru mende hauetan, jostailu mota horiek gure begien aurretik kentzeko modukorik, nahi izanez gero: kolonizazio gerrak, lehen eta bigarren mundu gerrak, deskolonizazio gerrak... Jakina, orduan gerraren kontrako kontzientzia zibila orain baino ahulagoa zen; garai haietako pentsamendu nagusia ez zen joera horretakoa. Vietnameko gerra mugarria izan zen mugimendu antimilitaristaren garapenean, baina Weber familiak ez zuen ezer egin Coloradoko red-neck gazte kristauek asiarrak hiltzen zituzten garaian. Timothy McVeigh soldadu ohi zuriak Oklahomako sarraskia eragin zuenean ere ez. 2001eko irailaren 11n, Islamaren izenean inperioari eraso ziotenean, orduan bai, begiak ireki zitzaizkien jostailu saltzaileei: zeinen txarrak diren gerra jostailuak! Zeinen txarrak, batez ere, mairuen umeen eskuetan daudenean. Eta debekatu egin zuten saltzea. Franz-Carl Weberrek, baina, beste batzuek baino beranduago hartu zuen erabakia: 1999an, Loebek, Bernako saltoki erraldoiak, jostatzeko soldaduak, pistolak eta tankeak kendu zituen apalategietatik.
Gure belaunaldiko umeok pistolak eskuetan hiltzen genuen elkar, olgetan. Pistoiak sartzen genituen alegiazko armetan, eta hortxe ibiltzen ginen zarataka, atzean ustezko bolboraren usaina utzita. Orain finagoak gara, antza: oraingo umeak ez dira tiro jolasean ibiltzen kalean; pantailako gerra birtualean akabatzen dituzte urruneko arerioak. Orain gaizki ikusita dago kalean ibiltzea pistola eskuan eta kartutxo-uhala gerrian. Zibilizatu egin gara. Gerra ez da hain basatia: etxe barruan egiten da, edo kanpoan, baina High Tech tresna zoragarriekin. Atzamarra pantailan borrokak eragiteko erabiltzen dugu, ez katua sakatzeko.
Saltokiko eskaileretan behera joan naiz, irteteko asmoz, eta soldaduarekin egin dut topo, berriz. Gizonaez da nekatzen, tente eta baliente segitzen du. Atera hurbildu eta egonaldi bereziak eskaintzen dituzten kutxa koloretsu horien atalean gelditu naiz. «Lagunduko dizut». Neska irribarretsua da. «Hau relax pack bat da, spa eta guzti. Honetan bi lagunentzako afaria duzu». Beste kutxa bat hartu dut. «Hau gau erromantikoa da hotel batean», esan dit. «Gau erromantikoa gaur izango dut nik» eten diot, irribarretsu ni ere. «Gaur bustiko zara?», erantzun du lotsagabe eta barreka, aditza bihurkari bihurtuz. Portugesaren doinu gozoa ateratzen zaio espainolezko ezpainetatik. Porto da Barrako kolorea du azalean. Sorria, voce está na Bahía.
Darwin eta gu
Gau erromantikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu