Greba orokorrak badu eguna Espainiak administratutako eta eskubide politiko eta sozialez pobretutako Euskal Herrian: martxoaren 29a. Raxoiren gobernuak onartutako lan erreformak egonezina eta haserrea eragin ditu, eta sindikatuek protesta egiteko erabakiaren berri eman dute.
Erreformak kaleratzeak errazteko balioko du, bereziki. Enpresariek libre izango dituzte eskuak langile kopurua euren komenentzien arabera murrizteko, galera ekonomikoak izan gabe ere. Aldaketak bultzatu dituztenek beraiek onartu dute epe ertainera ez dela lanik sortuko. Sozialistek, agintzen zutenean eskubide sozialak murriztu zituztenek, erabat gaitzetsi dute PPren plana. Halaxe esan dio Rubalcabak Raxoiri, Madrilen. Gasteizko gobernutik berdin antzean mintzatu dira PSE-EEko kideak. Haien ustez, kaleratzea merkatzea eta negoziazio kolektiboa lehertzea ekarriko ditu erreformak.
Ez da oso azkarra izan behar hori ikusteko. Orain, enpresa batek gutxiago ordainduko du eta oztopo gutxiago izango ditu langileak kalera bidaltzeko. Bestalde, beharginek eta enpresaburuak negoziatzeko garaian teorian duten berdintasuna hautsi egingo da. Lan harremanetarako erreferentziak eta abiapuntuak enpresa bakoitzaren barruan bertan ezarri, garatu eta mugatu nahi dituzte enpresariek. Ez dute arau edo lege orokorrik desio. Langileak enpresako buruaren aurrean sinatutako hitzarmena gizarte eragileek negoziatutako esparru orokorretik aterako litzateke. Bion arteko akordioa izango litzateke, itun pertsonala, berdintasun faltsuan oinarritua. Bien egoera berdin-berdina izango balitz bezala. Biak tabernan txikiteoan ibiliko balira bezala, kuadrillako lagun moduan.
Enpresariak hitzarmen kolektiboak baztertzearen aldekoak dira. Enpresa bakoitzaren baldintzetara egokitutako hitzarmenak proposatzen ari dira. Bada sindikatuen lana gaitzesten duenik, eta 21. mendean horien lana beharrezkoa ez dela dioenik. Horiek ez dute zalantzan jartzen, ordea, enpresarien elkarteen eginkizuna, jabeen eskubideak eta interesak defendatzeko garaian. Langileek ez omen dute sindikatuen beharra. Bakarka negoziatu behar dituzte lan baldintzak eta soldata, askatasun osoz, nagusiaren aurrean. Nork sinesten du hilean 800 -1.000 euro irabazten dituen 45 urteko gizon edo emakume batek askatasun osoz negozia dezakeela bere lan etorkizuna odola xurgatzen dion multinazionaleko marrazoaren aurrean?
Enpresariak pozarren daude. Gauzak haiek nahi duten moduan bideratzen ari da, behingoz, gobernua. Baina egindakoa ez da nahikoa, antza. Negoziazio kolektiboa lehertu dute, baina haratago joateko lanean ari dira. Greba eskubidea ere murriztu egin nahi dute. Horixe esan du Juan Rosellek. Greba eskubidea murrizteko araua arlo publikoan nahi du, batez ere, pribatuan nahiko ondo lotuta dago eta. Espainiako enpresarien burua beldur da, Bartzelonako garraio publikoko langileen grebak hilaren amaieran hiri hartan egingo den telefonia mugikorraren mundu kongresuari eragingo ote dion. Langileek greba eskubidea izan behar dute, jakina, baina enpresariek erabakiko dute noiz, non eta nola. Langileak ez dira halako ekitaldiez aprobetxatu behar euren aldarrikapenak kaleratu eta protesta egiteko. Ez da zuzena, gainontzeko herritarren kalterako izango delako. Enpresariek, aldiz, beste baldintza batzuk baliatzeko eskubidea dute, euren etekinak handiagoak izan daitezen. Lana merkea den lekuetara eramateko, esaterako. Berdin die horrek zer ondorio eta zer kalte ekarriko dion gizarteari.
Metroko langileek San Tomas egunean greba egiteak kalte sozial itzela eragiten omen du; enpresa bateko ekoizpena Indiako edo Bangladeshera eramatea, lana 12-13 urteko neska-mutikoek egiteko, ez da inondik inora ere aprobetxatzea. Ez du esklabotza bultzatzen han; ez du pobrezia sortzen hemen. Entzun behar direnak.
Darwin eta gu
Grebarik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu