Esku artean duzun kazetako Kirola sailak argitaratzen dituen hamar orrialdeetatik ia bat eskaintzen dio emakumeen jardunari; albiste nagusi bat bi egunean behin, gutxi gorabehera. Aste batetik bestera kirol agenda asko alda daitekeen arren, apirilaren 23tik 29rako kirol albisteetan %8,88ko presentzia izan zuten andreek BERRIAn. %5,89ko batezbestekoaren gainetik dago egunkari hau, baina halere gutxi da, eta are txikiagoa da zenbakia, kontuan izanda apirileko egun haietan emakumezkoen hiru euskal talde ari zirela eskubaloi, belar hockey eta futbol liga amaieretako emaitzetan nabarmentzen.
Gutxiegi da, emakumeek egindako kirola inoizko une onenean dagoelako. Batzuk hazten ari dira, eta azkar; eta beste batzuk sendotzen, maila tekniko eztabaidaezinetan. Iaz Londresen izandako Olinpiar Jokoetan eman zuten lezioa: domina lortutako euskal kirolari guztiak andrazkoak izan ziren. Porrot handiak izan ziren gizonezkoetan; gogoratuena, futbolekoa: Espainiako taldearekin lehen fasea gainditu ezinda alde egin zuten euskal jokalariek. Eta galtzeko ere izarregi: bost futbolarietako batek ere ez zien elkarrizketarik eman nahi izan Londresera joandako berriemaileei. Andrazkoek, aldiz, irabazteko ere beste molde bat agertu zuten, hurbilago, langileago, umilago, zintzoago.
Lezioa azkar ahaztuta, betiko formetara itzuli dira hedabideak: emakumeak alboratzera, haien lorpenak gutxiestera, paternalismoz tratatzera, eta haiei buruzko iruzkinak itxura fisikoarekin lotzera. Sirenak aipatzera, igerilariez mintzatu ordez. Funtsean, informazio orokorreko prentsak darabiltzan klixe, estereotipo eta jokabide berak dira, baina batik bat ikus-entzunezko kirol kazetaritzan nagusitzen ari den horikeriak puztuta, eta kirolaren despolitizazioak zilegi bihurtuta.
Baina emakume kirolariak baldin badaude, eta azkenaldian gizonek baino emaitza hobeak lortzen ari badira, zergatik ez ditugu ikusarazten? Ezin esan errudun bakarrak kazetariak garenik. Gizartean gertatzen denaren berri emateko eta azaltzeko funtzioa dugu hedabideok, eta egiteko hori ez dugu ondo beteko, ez kirolean ezta beste arloetan ere, emakumeen lanei, talentuei, ezagutzei, bizipenei ez ikusiarena egiten badiegu. Baina gure orrietan islatu behar dugun gizarte horrek ere neurria galduta du aspaldi, adibidez, futbolari ematen dion garrantziarekin, eta kirol munduaren androzentrismoaren inguruan duen akritikotasunarekin. Futbolaren diktadura horretatik eta haren ondorioetatik ihes egin gabe, hedabideok ezingo dugu genero ikuspegia kirol kazetaritzara zabaldu, eta ardura hori, kazetariona ez ezik, hedabideak kudeatzen dituzten enpresena, kirol taldeena, herri erakundeena eta zaleena ere bada.