Pastor
Darwin eta gu

'Halal', 'burger' eta abar

2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Tolosako hilketen gaia bete-betean sartu da Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan. Sarraskia atzerritarrak eta segurtasunik eza lotzen dituen diskurtsoa indartzeko erabili nahi du eskuinak, eta askatasunak murrizteko. Mohamed Merahen nolabaiteko garaipena ere bada, post-mortem garaipena. Ustezko hiltzaileak Frantziako errepublika belaunikarazi nahi zuen. Ez du guztiz lortu, baina haren erasoak ondorioak ekarriko ditu legeetan: segurtasunaren izenean kontrol polizial eta sozial handiagoa ezarriko du Parisek, muturreko ideologiak dituzten webguneak itxiz eta haiek bisitatzen dituzten herritarrak kriminalizatuz. Adierazpen askatasuna mugatzen saiatuko da, zalantza asko sortzen dituzten argudio eta prozeduretan oinarrituz.

Tolosako hilketen ondoren adierazpen askatasunari egin nahi dizkioten murrizketek agerian uzten dute erabateko adierazpen askatasunaren eskubidea gezurrezkoa dela. Mito horren arabera, zilegi da edozer argitaratzea, baina hori ez da guztiz egia. Bada salbuespenik: norbanakoaren ohoreari kalte egiten diotenean, adibidez. Adierazpen askatasunaren ilusioa saltzen digute, eta horri eusten saiatzen dira, adierazpen askatasuna erabiltzeak ordena sozial eta politikoa arriskuan jartzen ez duenean. Alta, hori gertatzen denean, jokaera aldatu egiten da informazioa kudeatzeko unean, informazio hori benetakoa izan arren. Esaterako: gerra denboran zentsura ezartzen da, zuzena edo zeharkakoa, herritarren eta soldaduen morala ez jaisteko.

Gaur eta hemen informazio jakin batzuk gordetzen dira, «interes nazionalak» zaintzeko. Zenbait kasutan ez dago argi zeintzuk diren nazioaren interesak: lurralde horretan bizi diren herritarren interesak edo nazio hori sustengatzen duen estatuaren zerbitzari ustez leialenak. Ez dugu inuzenteak izan behar: botereak ez du beti utziko informazio guztia herritar guztien eskuetan. Inozokeria da hori pentsatzea. Baina ondo zehaztu behar da informazioa kudeatzen dutenen arduraren mugak zeintzuk diren, eta erantzukizun hori noiz bihurtzen den paternalismo, hortik autoritarismora urrats bat besterik ez baitago. Zigortu behar naute etsaitzat jotzen nauenaren webgunean sartu eta haren argudioak ezagutzegatik?

Hemendik aurrera kontrol polizial handiagoa izango da. Sarkozyk denok bagenekiena adierazi du jende aurrean: Frantziako errepublikako herritarren ordenagailuak kontrolatuta zeuden, baina orain kontrolatuago egongo dira. Bestetik, zenbait lekutara bidaiatzeak susmagarri bihurtuko ditu herritarrak. Afganistanera edo Pakistanera joango dena susmopean egongo da, ofizialki, aste honetatik. GKE batean Lahoren umeei lagundu, edo Kabulen amona ikusi, berdin dio zer nahi duen. Susmagarria izango da.

Ikusi egin behar zeren arabera erabakiko duten zein webgune den muturrekoa, zeinek hedatzen duen gorrotoa. Gorrotoaren hondarrak orri horien edukietan eta mezuetan daude, baina nago soilik alde bateko gorrotoari erreparatuko diotela, besteek gure kontra eragiten duten gorrotoari. Amorruzko sentimendu irrazional guztien adierazpena errotik moztu nahi badute, badute nondik hasi. Mendebaldeko herritarrak munduko gaitz guztien kulpa dugula eta heriotza merezi dugula dioten fanatikoen webguneak itxi behar badira gorrotoa hedatzen laguntzeagatik, zer egin behar da gure inguruko egunkari errespetagarriek gorrotoa hedatzen laguntzen dutenean? Zer egin ustezko lapur, bortxatzaile edo hiltzaile baten jatorriaren berri jakin eta gero, irakurle fanatikoei «hay que matar a todos los moros» eta halako esaldiak idazten uzten dietenean foroetan? Egunkariaren webgunea itxi? Foroko moderatzailea auzipetu? Foroko herritar-idazle aktiboa espetxeratu? Foroko herritar-irakurle pasiboa atxilotu? Inoiz salatu dute hedabide horiek euren foroetako kide bat gorrotoa hedatzeagatik? Soilik besteen gorrotoa da zigorgarria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.