Hilberria. Karmele Esnal

Haziak erne zituen andereñoa

GURUTZE GOIKOETXEA
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Izanak izena betiko emanda hil da, 79 urterekin, andereño Karmele. Ikastolak sortzen eta euskara zabaltzen bizitza osoan etengabe jardun ondoren zendu zen atzo Karmele Esnal. Lehen andereñoetakoa izan zen; Donostian jarri zuen ikastola bat bere kabuz, 1955ean, eta ordutik etenik gabe aritu zen lan horretan, 1997an erretiroa hartu arte. Geroztik ere jarraitu zuen ikasleekin eta euskaraz: Mintzalaguna ekimenean aritu zen, euskara ikasten ari direnei laguntzen.

Jaiotzez oriotarra zen, baina Donostiara umetan joan zen, 7 urterekin. Han egin zituen oinarrizko ikasketak, eta Gasteizen irakasletzakoak. Karrera amaitzerako bueltan zen, ordea: Elvira Zipitriarekin hasi zen lanean, ikastolan. Urtebete egin zuen han, eta beste urrats bat egitea erabaki zuen: ikastola bat sortzea. Zazpi umerekin hasi zen, Donostian, Pedro Egaña kalean; Artzain Onaren plazan hartu zuen gero etxe bat, gero eta ikasle gehiago baitzeuzkan.

Zazpi urte egin zituen etxe hartan umeak hezten, eta irakasleak ere bai; dozenaka joan zitzaizkion praktiketara. Ikastolak sortzen ereindako hazia ernetzen jardun zuen urteetan. Santo Tomas Lizeora eman zuen hurrengo pausoa: haren egoitzan hasi zen eskolak ematen bere ikasleei. Haiekin amaitutakoan batxilergoko ikasleei ematen zizkien euskara eskolak. 1969an hasi zen bete-betean Santo Tomas Lizeoan: ikastetxe horretan sartu zituen bere ikasleak, eta han jarraitu zuen andereño. Zuzendari ere aritu zen.

Eskolan bakarrik ez, handik kanpo ere mardul lan egin zuen euskararen alde. Lehen euskal udalekuetan begirale aritu zen, 1965ean, Barrian, Araban. Jarrai antzerki taldean jardun zuen, eta euskarazko hedabideetan ere bai: Zeruko Argia aldizkarian Maribeltz ezizenarekin idatzi zuen, Panpin umeentzako aldizkarian itzulpenak egin zituen eta Arrate Irratian andreei buruzko irratsaio bat egin zuen astero. Ohorezko euskaltzain izendatua zuten, eta Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkide.

Azken urteetan jaso ditu egindako lanaren eskerrak. Azkena, Durangoko Azokan: Argizaiola saria eman zieten frankismo garaian andereño aritu zirenei; Esnal joan zen ordezkari. Anton Abbadia eta Sabino Arana sariak jaso zituen lehenago, eta Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin zion 2003an, frankismoko andereñoei laguntzeko dekretua aurkeztutakoan. Agurreko omenaldia bihar egingo diote, Donostian: 19:00etan izango da hileta, Gros auzoko San Pio X.a elizan.•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.