Indar abertzaleen orekak bere horretan iraun duela eta zirrikituetan barrena alderdi txiki batek bidea egin duela ere bai Europako hauteskundeei Euskal Herritik emandako begiratuaren emaitza. Urtebetera begirako lehia abian jarri dute EH Bilduk eta EAJk. Emaitza berberen inguruan egindako irakurketak badira jada urtebete barrurako kanpainaren lehen lerroburuak. "Hego Euskal Herriko lehen indarra gara", esan berri du Josu Juaristik. "Zazpi herrialdeetako lehen indarra gara", esan berri du Andoni Ortuzarrek.
EAJren barnean ez da eserlekuei dagokienez ezusterik izan, eta ezta handiegirik ere botoei dagokienez. CiUrekin eta Galiziako Compromisorekin batera aurkeztuta, CEUren zerrendan bigarrena zen Izaskun Bilbao. Eserleku bakarraren langa 250.000 bozen inguruan egonda, 500.000 inguru behar zituen zerrenda horrek, eta 843.000 lortu ditu. Ez zen kontrakorik espero, eta bere eserlekuari eutsi dio Izaskun Bilbao jeltzaleak. CiUk Katalunian eskuratzen dituen bozen bermea zuen EAJk oraingoan ere. 2009ko hauteskundeetan 212.000 boto lortu zituzten Hego Euskal Herrian, eta 2004koetan 253.000. 2014koetan 213.000 lortu ditu. Duela bost urtekoen pare; apur bat goitik.
EH Bilduren inguruan bazen zalantza, koalizioa osatzen duten alderdiek Europako azken bi hauteskundeetan ez baitzuten 200.000 botoen langa gainditzea lortu. Parte hartze baxuarena zen beldurrik handiena, horregatik. Eta koalizioa osatzen duten beste alderdi horien bozak bildu beharraz arduratuta ibili beharra horregatik. Eta Galiziako abertzaleen artean azken urteetan izandako ezinikusiak eta zatiketak sortzen zuten zalantza horregatik. Eta Katalunian ere, CUPek emandako babesa baliatu eta han ere arrantzan egitearen beharra nabarmendu horregatik.
Ez dute horren beharrik izan. 220.000 lortu ditu Hego Euskal Herrian —EAJk baino boto gehiago—, eta 323.000 orotara Espainiako guztiak kontuan hartuta.
Emaitza nabarmen kaskarragoak izan dituzte sozialistek. 135.300 boto lortu dituzte, hirugarren indarra dira, baina lortutakoak adina boto galdu ditu kasik 2009tik (131.500). PPk ere egin du behera. 130.800 boto lortu dituzte popularrek —duela bost urte baino 63.000 gutxiago—.
Eta sozialisten deskalabru horretan barrena egin du aurrera Podemos alderdiak. Espainian bai, eta Hego Euskal Herrian ere bai. Bosgarren indarra da (72.255 boto). Aurrea hartu dio IUri —ez dituzte horiek ere emaitza txarrak; duela bost urte baino 42.000 boto gehiago—, eta aurrea hartu dio UPDri ere —horiek ere emaitza onak: 34.600 boto, duela bost urte lortutakoen bikoitza—.
Gipuzkoa
Abertzaleen arteko lehiaren jopuntu eta adibide da Gipuzkoa. Berdinketa teknikoa apurtzeko balizko estrapolazioa egiteko aukera zen Europako hauteskundeena —balizkoa—. 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduk erakutsitako indarrak jeltzaleek emandako pareko erantzuna izan zuen 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hortik 'berdinketa teknikoaren' kontzeptu hori, eta hortik hori apurtzearen balio nolabait psikologikoa.
Eta EH Bilduren alde apurtu da berdinketa hori. 73.000 boto lortu ditu koalizio abertzaleak eta 58.000 alderdi jeltzaleak. Ez dago koalizio abertzalearen kasuan duela bost urtekoekin konparaketa egiteko moduko datu errealik —Iniziatiba Internazionalistak 52.400 eta Independentistak eta Ezkertiarrak 18.500—. Jeltzaleen kasuan, 54.000 boto lortu zituzten Gipuzkoan 2009an.
Nafarroa
Herritarren artean gobernu aldaketarako dagoen gogoa neurtzeko balio behar zuten Europako hauteskundeek. Hautetsontzi ikusezinaren berri izateko; inkesta erraldoi baten moduan funtzionatzeko. Eta halaxe izan da; apika.
UPN inoizko krisirik sakonenean harrapatu dute hauteskundeek, eta Nafarroako eskuinari neurria hartzeko modua PPren botoek adierazi dute. Duela bost urteko Europako bozetan PPk, UPNrekin, 76.629 boto jaso zituen, 2004an baino 15.000 gutxiago. Foru hauteskundeetan ere galdu zituen botoak: 2007tik 2011ra 30.000 inguru. Beheranzko joera horri buruzkoa zen zalantza, eta argitu da: 52.000 boto lortu ditu PPk Nafarroan. Lehen indarra da, baina 2009ko botoetatik oso urruti.
PSNrena zen gaurkoaren bezperan panoramarik kaskarrena. Hura zigortzeko aukera paregabea zelako Europako hauteskundeena. Duela bost urte, 63.848 boto lortu zituen, 2004an baino ia 6.000 gutxiago. Eta foru bozetan, 2011n, 51.000 lortu zituzten. Alegia, 2007an baino 22.000 gutxiago. 30.000 lortu ditu Europako hauteskundeetan; hirugarren indarra da, eta duela bost urte lortu zituenen erdiak galdu ditu bidean. Zigortzeko aukera bazegoen; eta zigortu dute.
Bi alderdi nagusi horien nora eza eta gainbehera baliatzea zen abertzaleen eta Ezkerraren apustua.
Duela bost urte EH Bilduko egungo indarrak bi plataformatan aurkeztu ziren Europara Nafarroan. Iniziatiba Internazionalista (ezker abertzalea) eta Herri Europa (Aralar eta EA). Bien artean 37.241 boto bildu zituzten. 2011ko foru hauteskundeetan ere banatuta aurkeztu ziren; Bilduk (ezker abertzalea eta EA) 41.000 boto lortu zituen, eta NaBaik (Aralarrekin orduan), 48.000 boto.
Lehen aldiz aurkeztu da EH Bildu koalizioa elkarrekin Nafarroan, eta jokalekua Europa izan arren, aurrera begirako erronketarako heldulekurik ba ote dagoen jakitea zen benetako erronka; inoiz lehen indarra izateko aukerarik ba ote duen jakitea, irudikatzea. Eta ariketak badu emaitza: 42.500 boto lortu ditu koalizio abertzaleak Nafarroan.
EAJ bakarrik aurkeztu da Nafarroan. Duela bost urte ere bakarrik aurkeztu zen, eta 3.691 boto bildu zituen. Geroa Baik lortu izan dituen emaitzetatik oso urruti orduan, eta urruti bai baina hurbilago oraingoan, 5.300 boto lortuta.