Duela aste gutxi, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun kontseilari Estefania Beltran de Herediak, Bizkaiko egunkari bati eskainitako elkarrizketan, aitortu zuen bazeudela Ertzaintzan ezker abertzaleari gorrotoa zioten ertzainak.
Ez litzateke erabaki okerra izango bihar larunbata jai ematea ertzain horiei, arratsaldea lasaiago joan dadin eta larrialdietako zerbitzuek lan gutxiago eduki dezaten.
Hilabeteak daramatzate Eusko Jaurlaritzako arduradunek adierazten denok egokitu behar dugula garai berrietara. Beltran de Herediak berak esana dauka sailaren helburuetako bat egokitzapen hori dela, ez bakarrik kopuru eta egituran, jarduteko moduan baizik. “Herritarrengandik gertuago egongo den Ertzaintza” proposatu du askotan sailburu berriak.
Bihar du batean eta bestean esandakoa azaleko adierazpena ez dela erakusteko aukera paregabea, alegia, benetan ari direla aldaketa hori sustatzen. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindua dauka, eta, bestaldetik, oinarrizko giza eskubide baten alde manifestazioa egin nahi duten herritarren eskubidea bermatu beharra dauka. Ez dezagun ahantz poliziaren lehen egitekoa, hemen eta Pernambucon, giza eskubideak babestea eta bermatzea dela; ez erreprimitzea. Eskubideak babesteko lanean onar liteke bakarrik errepresioa, betiere neurrikoa eta proportzionalitatearen barruan. Baina lehen lana, herritarren eskubideak direla.
Balzaren garaiko botijo txiletarraren garaia ere pasata dago.
Duda izanez gero, in dubio pro manifestari. Hau da, hobe errieta jasotzea Espainiako Auzitegi Nazionalaren aldetik, kalera giza eskubideak aldarrikatzera ateratzen den jendea makiltzea baino.