Eskuko telefonoak artean fantasia zirenean telefono finko batera deitu nuen etxetik. Beste aldetik arnasestuka erantzun zidaten. Hizketan hasi eta ahotsa lasaitzen ez zela ohartuta, zer gertatzen zitzaion galdetu nion emakumeari. «Ñaka-ñakan ari ginen deitu diguzunean», erantzun zuen. Aitorpenetik ateratako bi ondorio. Lehena: hark gustukoa zuela siestan sexu harremanak izatea. Bigarrena: telefonoak jotzen bazuen, kapaza zela pertsonen artean denik eta kontaktu pertsonal eta estuena hausteko.
Hiru hamarkada geroago, joera horiek ez dira aldatu. Vodafonek Erresuma Batuan egindako inkestaren emaitzek horixe frogatu dute. Telefono konpainiaren datuen arabera, hiru gizonetik batek (%36k) sakelakoaren deia erantzuten du larrutan egiten duen bitartean. Telefono kontuan britainiarrek ez omen dute atsedenik hartzen jarduten dutenean. Komunean deiak erantzuten dituztenen portzentajea handiagoa da: bertan egonez gero, %62k telefonoari erantzungo lieke inolako erreparorik gabe.
Komuneko telefono hizketaldien kasua ederki islatzen da Jet Lag filmean. Juliette Binochek hartu behar duen hegazkinaren irteera atzeratu egin da, eta emakumea zain dago aireportuan. Komunera joan da, eta dei bat jaso du. Tronuan eserita dago, eta hortxe hasi da kontu kontari. Jaiki, eta hizketan segitu du, telefonoa sandwich bat eginda lepoaren eta belarriaren artean, kuleroak igotzen ari den bitartean. Baina Binoche ez da malabarista ona, eta sakelakoa komun barrura erori zaio. Ondorioz, telefonoa eskatu behar izan dio Jean Reno gizon ezezagunari, deiak egiteko. Reno ere hegazkinaren zain dago...
Komunetik kanpo ez ezik, barrutik ere SMSak bidaltzearen arrazoia azaldu zuen uztailean The New York Times egunkariak. Adituek artikuluan esan zutenez, teknologia berriak erabiltzeak plazerra sortzen du. Dopamina nahi dugu, ongizatearen sentsazioa. Horrek menpekotasuna dakar, edozein drogak bezala. Izan ere, sariaren ibilbidea sortzen du dopaminak, eta guk sari hori nahi dugu.
Sakelako telefonoek geure buruari eragiten diotela uste du Jean-Philippe Lachaux neurozientzietako ikertzaileak. Le Figaro egunkarian idatzi duenez, smartphone-ek orain arte ezagutu ez dituen egoeretan jartzen dute garuna. Lachauxen arabera, hainbat euskarri eta modutan heldutako informazio jarioa handia da oso eta, azkenean, smartphone-ek arreta defizita sortzen dute: gure batez besteko arreta denbora 12 minututik 5 segundora jaitsi da azken hamar urteotan.
Arreta eskasa; errespetua eskasagoa. Nola definitu, bestela, eskuko telefonoaren soinuari kasu egitea erlazio sexualak ditugun bitartean? Joera areagotu egin da eskuko telefonoekin, baina ez da oraingoa. Ezaguna da txiste zaharra: senar-emazteak ohean, gauaren erdian. Telefonoak jo du. Andrea kolpetik altxatu da. «Ez hartu, ez hartu», esan du gizonak. Baietz emazteak. «Baina niretzat bada, esan ez nagoela hemen», eskatu dio senarrak, etsita. Emakumeak telefonoa erantzun du. «Bai, hemen dago». «Nola...? Hemen nagoela esan diozu, tuntun horrek?», gizonak, bere onetik aterata. «Niretzat zen», erantzun du emakumeak.
Ohean, hobe telefonoa ahaztea. Zer esanik ez, konpainian egonez gero. Komunetik SMSak bidaltzea edo ez, higiene kontua da. Baina kontuz ibiliz gero, ez da larrutaldian telefonoa erantzutea bezain arriskutsua. Nahikoa da besteari ez esatea mezuak nondik bidaltzen dizkiozun. Gainera, sorpresatxoren bat izan daiteke. Binochek telefonoa komunean behera galdu ondoren ezagutu du Reno, filmean zortzi hilabete haragi freskoa dastatu gabe dagoena. Horixe erantzun du gizonak emakumeak galdetu dionean atzamarrak telefonoko teklak baino leku samurragorik ukitzeko erabili ote dituen azkenaldian. Binochek gizonaren telefonoari begiratu dio, baina ez da ausartu galdetzera ohean deirik erantzuten duen. Reno ez da britainiarra, eta zalantzaren onura eman dio.
Darwin eta gu
Inkestak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu